Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Historia

Historia

1972. urteko otsaila zen eta, orduantxe, Madrilgo “Cisneros” errugbi taldeko jokalarik ohi Jesus Jauregik, atletismo sailaren laguntzaz, Arrasate Errugbi Taldea sortzea proposatu zuen.

Hastapen garai horietan, 70ko hamarkadan, dozena erdi bat pertsona hasi ziren “deporte viril” bezala ezagutzen zen kirol sutsua praktikatzen. Lehen asanblada egin orduko, 28 laguneko taldea osatua zegoen kirol honen edertasunaz gozatzeko gogoz.

Klubaren etorkizuna bermatze aldera, 1972ko martxoaren 6an, Atletismo saileko bulegoetan, klubaren lehen Zuzendaritza Batzordea osatu zen. Lantalde hartako kideak ondorengoak izan ziren:

  • Presidentea: Luis Maria Etxaburu Zalama
  • Presidenteorde: Jose Luis Unzueta Zabaleta
  • Idazkaria: Agapito Fuentes Gomez
  • Diruzaina: Agustin Aranburu García
  • Entrenatzailea: Jesus Jauregui Ibabe
  • Prestatzaile fisikoa: Jose Ignacio Elorza Gorosabel
  • Materialaren arduradun: Juan Luis Arana Mendizabal

Lehenengo batzar horretan, besteak beste, “Juventud Deportiva Mondragon” saileko parte izateko eskakizuna egitea adostu zuten, ere garaiko “Vasco Navarra”-ko errugbi federaziora jotzea taldea juridikoki sortzeko beharrezkoak ziren hasierako idatziak osatze aldera.

Tramite burokratiko guztiak beteta, Arrasate Errugbi Taldearen estreinaldiko denboraldia 1972-1973 bitartekoa izan zen, non laugarren posizioan sailkatu zen.  Ekipoa 34 jokalariz osatua egon zen, 22 urteko batez besteko adinarekin.  Bitxikeri gisa, esan beharra dago taldearen kamiseta berdea izan zela, prakak txuriak eta aurreko bi koloretakoak galtzerdiak.

Ordurako baziren beste errugbi talde batzuk inguruan eta, denboraldi horretan, Atletiko San Sebastian zortzigarren postuan sailkatu zen Liga Nazionalean. Bigarren mailan ez zegoen euskal talderik, eta, Gipuzkoako txapelketan, hauek izan ziren lehenengo lau ekipoak: Hernani CR, Irun, S.D Anoeta eta J.D. Mondragon, egungo Arrasate Errugbi Taldea.

1973-1974 denboraldian, jubenil mailako lehenengo taldea jaio zen klubaren baitan, eta, estreinaldiko denboraldi horretan,  laugarren postuan amaitu zuen liga txapelketa. Senior mailakoak, aldiz, bigarrenak izan ziren, mailaz igotzeko zorian izan zirela.

Egunetik egunera, Arrasate Errugbi Taldeak aurrerapausoak ematen jarraitzen zuen eta, 1975-1976 denboraldian, klubak arropa berria estreinatu zuen.  Egungoa bezala, orduko kamiseta txuria izan zen, marra moreekin, prakak, beltzak; eta galtzerdiak ere zuri-moreak.   

Jantzi berri honek estreinaldi ezin hobea izan zuen, denboraldi horretan “Vasco Navarra”-ko Kopa irabazi baitzuen Arrasate Errugbi Taldeak.  Hori gutxi balitz, bi urteren bueltan lurralde mailatik lehen mailara igotzea lortu zuten arrasatearrek, 1980-1981 denboraldian, hain justu ere.

1990-1991 denboraldia beste inflexio puntua izan zen klubarentzat, Iturripeko instalazioak utzi eta Garagartzako zelaian hasi baitzen jokatzen taldea. 2007.urtera arte sarrailagileen etxea izan zen Garagartza, Mojategiko zela berria estreinatu arte; aurrekoa ez bezala, honako hau belar artifizialekoa.  Bitxia badirudi ere, zenbait urtetan Arrasate Errugbi Taldeko entrenamendu eremua izan zen toki berdinean –Musakolako polikiroldegiko iraganeko hareazko futbol zelaia- dago gaur egun Mojategi.

Urte hauetan guztietan, jende ugari izan da klubaren partaide, bai jokalari moduan eta baita kolaboratzaile gisa ere. Familia zuri-moreak emandako aurrerapausoak nabariak izan dira, eta, lorpenen artean, lehen taldeak irabazitako Euskal Ligako 2. Mailako bi txapelketak daude (2014-2015 eta 2016-2017 denboraldietan), eta baita XXI. Mende hasieran garaiko 1. Nazional kategoriara lortutako igoera.  Klubaren harrobian hasitakoa izan da, baita ere, Iker Elorza, Kopako txapeldun 2013. urtean, Ohorezko A Mailako Ampo Ordiziarekin.  

Laburbilduz, hainbeste urteren bueltan, esan beharra dago esfortzu, laguntasun eta mugimendu altruista zuri-morea inoiz baino biziago dagoela eta, horren adierazgarri, orain direla urte batzuk sortutako Errugbi Eskola da.  Zalantza izpirik gabe, harro egoteko moduko ibilbidea, eta ilusioz beterikoa egiteke dagoena.  Klubaren leloak dioen bezala, Harrotasunez ART!!!

 

Babesleak