Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Denboraldia biribiltzeko asmoarekin joango da Gernikara Kanpanzar ART

Seniorra (2018/03/22). Euskal Ligako 1. Maila azken txanpan murgilduta dago; asteburu honetan denboraldiko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Gernikari egingo diote bisita. Iragan asteburuan Logroñon lortutako garaipenaren ostean sarrailagileek eskura dute salbazioa eta, helburua behin betiko betetzeko asmoarekin, Urbietara joango dira zapatuan. Norgehiagoka 18:00etan jokatuko da eta, esan bezala, mailari matematikoki eustea ahalbidetuko lukeen garaipena bilatuko du bertan Igor Isasik zuzentzen duen taldeak.

Liga txapelketa amaitzeko jardunaldi parearen faltan giroa pil-pilean dago sailkapenaren atzealdean eta, iragan asteburuko emaitzen ostean, etorkizuna argiena duena Kanpanzar Arrasate da. Logroñotik ekarritako garaipenaren ostean, zuri-moreek ere bonusa bereganatu zuten, sailkapeneko zazpigarrenak dira Isasiren mutilak 25 punturekin. Lau puntu gutxiagorekin Gernika B zortzigarrena da eta, 17 eta 16 punturekin, hurrenez hurren, Errioxak eta Baztanek ixten dute sailkapena. Honenbestez, une honetan nafarrek galduko lukete kategoria; Errioxak, berriz, promozioa jokatu beharko luke Euskal Ligako 2. Mailako bigarren sailkatuaren kontra.

Urbietatik garaipena ekarriz gero, mailari matematikoki eutsiko lioke Kanpanzar Arrasatek. Isasiren mutilek bi puntu baino ez dituzte behar mamu guztiak uxatzeko, halere, beste konbinazio batzuk ere baliagarriak zaizkie, jardunaldi baten faltan, mailari eusteko. Horretarako, nahikoa litzateke azken bi sailkatu Errioxa eta Baztanek asteburu honetan jokatuko dituzten partiduetan garaipena ez eskuratzea. Eta azkenaurreko jardunaldi honetan hori gertatzea ezin da baztertu: Logroñokoek hirugarren sailkatu Bilboko Unibertsitarioari egingo baitiote bisita eta, nafarrek, egungo lider La Unica hartuko baitute etxean.

Gauzak horrela, Isasiren mutilek dena alde dute zapatu honetako partidua festa bilakatzeko, ahalik eta gehiago aurrekariei erreparatzen badiegu. Kanpanzar Arrasate gai izan zen lehenengo itzulian basurdeak Mojategin mendean hartzeko eta, hori gutxi balitz, joko eta jarrera ezin hobea erakutsitako zenbait partiduetan kontrako emaitzak jaso ostean, iragan asteburuan, azkenean, merezitako garaipena ekarri zuten etxera. Esan bezala, hitzordua zapatu arratsaldean (18:00) izango da Urbietan eta, Logroñon gertatu bezala eta norgehiagokaren garrantziaz jakitun, ziur asko zale zuri-more ugari gerturatuko direla.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Babesleak