Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gernikan lortutako garaipenari esker Kanpanzar Arrasatek 1. Mailan jarraituko du

Seniorra (2018/03/25). Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko eskubidea bereganatu dute. Zapatu honetan Urbietan Gernika B-ren kontra jokatutako norgehiagokan denboraldiko seigarren garaipena poltsikoratu dute eta, honenbestez, mailari eusteko beharrezkoak diren puntuak eskuratu eta salbazioa matematikoki bermatu dute. Azken emaitza 10-17 izan da zuri-moreen alde eta, ikasturtea amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan, Isasiren mutilek jakin badakite sailkapeneko zazpigarren postuan amaituko dutela liga txapelketa.

Arratsaldea ez da ondo hasi Kanpanzar Arrasaterentzat, hamargarren minuturako etxekoek entsegua egin eta 5-0 aurreratu baitira. Aurreneko 40 minutuetan indarrak parekatuta egon dira eta, azkenean, Isasiren mutilen lanak merezitako fruituak ekarri ditu. Ordu erdia bete baino lehen markagailua berriro ere orekatu egin da, Lezamizen entseguari esker. Batekin konformatu ez eta, atsedenaldirako 10 minutu ingururen faltan, Salaberrik arrasatearrentzako bigarren entsegua egin du. Oraingoan Arizaleta eraginkor aritu da transformazioa gauzatzerako orduan eta, hori gutxi balitz, lehen zatiaren azken txanpan Dolarak arrasatearrentzako hirugarren entsegua lortu du. Gauzak horrela, 5-17koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatian, bisitariek oina azeleragailutik igo badute ere, gai izan dira atsedenaldi aurretik lortutako abantailari eusteko. Lokatza eta borroka izan dira nagusi Urbietako berdegunean eta, norgehiagoka amaitzeko ordu laurden ingururen faltan, Gernikak entsegua egin eta arrasatearren errenta murriztu egin du. Halere, eta esan bezala, sarrailagileak kapaz izan dira 10-17koari eutsi eta mailari eusteko baliagarria den garaipena etxera ekartzeko, bertaratutako zale zuri-moreen txalo zaparrada lagun.

Gauzak horrela, lan eta sufrimendu handiaren ostean, Arrasateko taldeak lasai asko agurtu ahalko du denboraldia Mojategin. Aste Santuaren ostean, apirilaren erdialdean, Isasiren mutilek ligako azken partidua jokatuko dute etxean Bilboko Unibertsitarioaren kontra. Esan bezala, zuri-moreek ez dute ezer jokoan izango, halere eta beti egiten ohi duten bezala, ziur asko gogor egingo dutela lan ikasturteko azken garaipena zaleei eskaintzeko. Hitzordu aproposa izango da, denboraldi osoan zehar egindako lanaren ostean, talde arrasatearra merezitako txalo zaparradarekin datorren ikasturtera arte agurtzeko.

Senior Gernika-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak