Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Etxeko lanak eginda, zaleen aurrean agurtuko du denboraldia Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2018/04/11).

Inongo urduritasunik gabe, eta etxeko lanak eginda izateak ematen duen lasaitasunarekin; Horrelaxe agurtuko dute denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek. Euskal Ligako 1. Mailako azken jardunaldia jokatuko da asteburu honetan eta, honen baitan, Igor Isasiren mutilek Bilboko Unibertsitarioa taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak Mojategin ezer gutxi jokoan izango duen norgehiagokan. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 17:00etan hasita, eta bertan ikasturtea garaipen batekin agurtzea bilatuko du Arrasateko taldeak.

Esan bezala, transzendentziarik gabeko partidua izango da zapatu honetan Mojategin jokatuko dena: Orain direla 15 egun Gernikan lortutako garaipenari esker Kanpanzar Arrasatek mailari eusteko beharrezkoak ziren puntuak poltsikoratu zituen, eta egungo hirugarren sailkatu Bilboko Unibertsitariok ere ziurtatuta dauka denboraldia postu horretan amaitzea. Honenbestez, bilbotarren eta gipuzkoarren arteko lehian ohorea baino ez da egongo jokoan eta, zentzu honetan, ziur asko biek hala biek garaipen batekin itxi nahiko dutela denboraldia.

Azken hilabeteetako lan gogorraren ostean, Isasiren mutilek merezitako txalo zaparrada jasotzeko parada izango dute zapatu honetan Mojategin. Izan ere, jardunaldi baten faltan helburua bete badute ere, ikasturtea ez da batere erraza izan sarrailagileentzat. Liga txapelketari ezin hobeto ekin zion Arrasateko taldeak, aurreneko partiduan garaipena ekarri baitzuen Baztanetik. Hurrengo asteetan, baina, Isasiren mutilek kategoria berriaren gogortasuna bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten. Norgehiagoka guztietan maila polita erakutsi arren, porrotak bata bestearen atzetik jaso zituen Kanpanzar Arrasatek, Getxoren kontra Mojategin ezustekoa eman arte. Lehen itzulian gutxik espero zutena lortu zuten zuri-moreek, beste bi partidu irabazi –Errioxa eta Gernikaren kontra etxean-, orotara lau garaipenekin amaituz ligaren lehen zatia eta salbazioa bideratuta utziz.

Gabonen ostean, baina, hortzak estutzeko garaia heldu zen Kanpanzar Arrasaterentzat. Isasiren mutilek ordura arteko gogo eta kemenari eutsi zieten baina, zoritxarrez, aurkarien eskarmentua eta beteranotasuna agerian geratu zen norgehiagoka askotan. Testuinguru honetan, txapelketaren azken zatira etxeko lanak egiteke zituela heldu zen Arrasateko taldea, mailari eusteko ezinbestekotzat bilakatuz aurkari zuzenak garaitzea. Getxon orain direla aste batzuk jasotako porrota ere mingarria izan zen baina, zorionez, sarrailagileek burua altxatzea jakin izan zuten eta, Errioxa eta Gernikan martxoan lortutako garaipenei esker, beste urtebetez 1. Mailan jarraitzeko eskubidea bermatu dute.

Testuinguru honetan, zapatu honetakoa ospakizunetarako partidua izango da Mojategin. Esan bezala, zuri-moreek ez dute ezer jokoan izango baina, ziur asko, zaleei denboraldiko azken garaipena eskaintzeko helburu irmoarekin zelairatuko direla, ikasturte osoan zehar emandako babes eta hauspoa eskertze aldera. Gal edo irabazi, Kanpanzar Arrasatek sailkapeneko zazpigarren postuan amaituko du talde moduan hazteko baliagarria izan denboraldia.

Kartelera

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo guztiek zapatuan jokatuko dute. 18 urtez azpikoak Iruñeara joango dira zapatuan (11:45), eta infantilek – Ordiziarekin batera- Gaztedi hartuko dute Altamiran goizeko 10:30ean. Errugbi Eskolakoei dagokionez, entrenamendu saioa burutuko dute igande goizean (10:30) Mojategin.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Babesleak