Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Garaipenik lortu ezinik amaitu dute denboraldiko azken fasea ART-ko kadeteek

Arrasate R.T. (2018/05/01).

Denboraldiko azken norgehiagoka jokatu zuten zapatuan Arrasate Errugbi Taldeko kadeteek eta, itxura txukuna eskaini bazuten ere, garaipena ezin izan zen Mojategin geratu. Amaiera faseko azken jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Eibar hartu zuten etxean, eta zenbait unetan garaipena atzamar puntekin ukitu bazuten ere, azkenean puntuek Eibarrerako bidea hartu zuten. Azken emaitza 24-27 izan zen bisitarien alde eta, modu honetan, denboraldiko azken fasea garaipenaren zaporea dastatu barik amaitu dute ART-ko 18 urtez azpikoek.

Armaginekin batera, Iruñea izan da Barrutiaren mutilek fase honetan izan duten beste aurkaria; gauzak horrela, ikasturteko azken txanpa honetan orotara lau partidu jokatu dituzte. Eibar nafarren kontra jokatu beharreko neurketaren faltan, armaginak dira liderrak 13 punturekin, bigarren sailkatu Iruñearekiko hiru puntuko abantailarekin. Partidurik irabazi ez arren, Kanpanzar Arrasatek hiru puntu urratu ditu jokatutako lau norgehiagoketan.


Sub 18 ART-Eibar

ISEI BARBERO - Argazkiak: Artxiboa

Babesleak