Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Martxan da Arrasate Errugbi Taldearen XX. Garagardo Azoka

Arrasate R.T. (2018/05/31).

Arrasate Errugbi Taldearen XX. Garagardo Azokak ateak ireki ditu jada.  Ohi bezala, inaugurazio ekitaldia 20:30ean izan bada ere, bertan ekimeneko babesleak eta Arrasateko Udaleko ordezkariak ART-ko kideekin batera bildu dira mahaiaren inguruan, 18:00etarako zabalik zegoen Herriko plazan instalatutako karpa.  Urtero legez, eta osteguna izanik, gerturatu direnek pintxo-potearekin gozatzeko parada izan dute.  Honetaz gain, herri kirolak ikusgai izan dira baita ere, klub zuri-moreak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean antolatutakoak.  Lehenengo jardunaldi honetan giro ona ez da falta izan eta, ohi bezala, nahi beste alemaniar jatorrizko jaki eta garagardoa egon da eskuragarri. 

Ostiralean ere zabalik egongo da Herriko plazako karpa 18:00etatik aurrera, halere, zapatua izango da egunik mamitsuena -karpa egun osoa egongo da zabalik-, egun horretan klub zuri-moreak herritar guztientzako herri bazkaria antolatu baitu karpan bertan, menu paregabearekin:  paella, oilaskoa eta postrea.  Bertan parte hartu nahi dutenek Basati, Taupa, Itzala, Kajoi eta Okorotegi tabernetan 20 euroren truke salgai egongo diren tiketak erosi beharko dtuzte.  Azpimarratu beharra dago, bazkariarekin batera, garagardo pitxarra edateko aukera egongo dela baita ere.  Zapatuan bertan ere, Nazioarteko Zazpinako Txapelketa izango da Mojategin; goizean beteranoen txanda izango da, eta seniorrena arratsaldean.

Aurtengo jaialdirako 2.190 litro garagardo eskatu dituzte klub zuri-moreko arduradunek, bost marka ezberdinetakoak.  Ohikoa den moduan, garagardoa pitxarretatik edango da aurten ere; dena den, nahi duenak botilatxoak erosteko aukera ere izango du –ostegunean soilik-, litro laurdeneko 750 unitate eskatu baitituzte.  Aipatzekoa da, urtetik urtera eskaria handitu izanaren ondorioz, aurten alkoholik gabeko garagardoa pitxarretik zuzenean edateko aukera izango dela.  Edatekoa bakarrik ez, jatekoa ere egongo da, eta kasu honetan kantitate erraldoietan ere:  2.700 opil, 375 oilasko, 720 txerri ukondo eta 140 saltxitxa lata gertu ditu Arrasate Errugbi Taldeak.  Edari eta jaki hauek guztiak prestatu eta zerbitzatzeko klubeko kideak ibiliko dira jo eta su lanean Herriko plazako karpan.


Zazpinako Txapelketa

Zalantza izpirik gabe, zapatua izango da Garagardo Azokaren egunik potoloena, orduantxe jokatuko baita XX. Nazioarteko Zazpinako Errugbi Txapelketa.  Aurreko urteetan bezala, partiduak Mojategin izango dira arratsalde partean.  Askoz jota 12 taldek eman ahalko dute izena, eta parte-hartzaile guztien zerrenda azken ordura arte ez da jakingo.  Iaz bezala, aurten ere gizonezko zein emakumezkoen kategoriak egongo dira, baita beteranoena ere.  Azken hauek goiz partean egingo dute salto berdegunera.  

Txapelketa era aurreko edizioetako berdina izango da:  Aurre-faseko partiduek zazpi minutuko bi zati izango dituzte, garaipenek lau puntuko balioa izango dute eta berdinketek bi.  Finalerdietarako multzo bakoitzeko lehenengo bi taldeak sailkatuko dira, eta kanporaketa hauetan partiduetako zati bakoitza 10 minutukoa izango da.  Ohikoa den moduan, sari banaketa gaueko 21:00etatik aurrera egingo da Herriko plazako karpan, eta parte hartzaile guztiek elkarrekin afalduko dute bertan.


Bi hamarkada

20 urte beteko dituzte aurten Arrasate Errugbi Taldearen Garagardo Azokak eta Nazioarteko Zazpinako Txapelketak, edo, gauza bera dena, bi hamarkada.  Asko aldatu da dena 1998. urteko lehenengo edizio horretatik eta, zorionez, dena klub zuri-morearen mesederako izan da.  Ekimen hau urtetik urtera hazi egin da, esan bezala, Arrasaten tradizioan bilakatuz eta, era berean, gaur egun klubaren euskarri ekonomiko nagusienetakoa izanik.  “Orain oilaskoak, saltxitxak edota txerri ukondoa dastatzeko aukera egoten da Herriko plazako karpan, baina lehenengo edizioan sardina erreak saldu genituen”, gogoratzen du klubeko kide eta ekimenaren aitzindari Joseba Maidaganek.  “Azken edizioetan azokako garagardo kontsumoa nolabait egonkortu bada ere, urte askotan zehar igoera nabaria izan da”, gaineratzen du egungo Zuzendaritza Batzordeko kide Jose Antonio Moraleja “Txanton-ek.  “Denboraren poderioz ohiturak ere aldatu dira, eta aurreko urteetan botiletan saldu bada ere, aurten alkoholik gabeko garagardoa pitxarretan zerbitzatzearen aldeko apustua egin dugu”, dio Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ane Agirrek.  Herensugeetako jokalari eta klubeko ikur Patxi Gorosabelek ere oroitzapen politak ditu:  “Garagardo Azokarekin bezala, zazpinako txapelketarekin ere aitzindariak izan ginen Euskal Autonomi Erkidego mailan; hasierako edizioetan ekipo ugari etortzen ziren, horietatik asko Iparralde eta Frantziakoak, baina denboraren poderioz gurea moduko txapelketak asko ugaritu dira eta, horregatik, egungo parte hartzea ez da orain dela hainbat urteetakoa bezain ugaria”.  

GARAGARDO AZOKA 2018 (herri kirolak)

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Babesleak