Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasatek lanean dihardu jada denboraldi berria prestatzen

Arrasate R.T. (2018/09/05).

Behin udako oporraldia atzean utzita, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek lanean dihardute jada denboraldi berria prestatzen, Euskal Ligako 1. Mailan jarraian jokatuko duten bigarrena.  Igor Isasiren mutilek iragan asteartean, abuztuak 28, ekin zieten entrenamenduei eta, oraindik Federazioak egutegiaren zozketa egin ez badu ere eta dena ondo bidean, sarrailagileek urria hasieran ekingo diote txapelketa ofizialari.

Uda honetan Ordizia Errugbi Taldearen eskaintza jaso badu ere, hamaikagarren urtez jarraian Isasi izango da Arrasate Errugbi Taldeko kirol arduradun nagusia, hala nola lehen taldearen entrenatzaile.  Teknikari zuri-moreak aparteko aukera izan du Goierrikoa moduko punta puntako taldeko kirol-organigramaren parte izateko baina, “hausnarketa sakona egin ostean nire ilusio eta gogo guztiarekin Arrasaten entrenatzen jarraitzea erabaki dut, talde moduan hobetzen jarraitu eta egoera zailei aurre egiteko aurretik erronka polita daukagula uste baitut”, adierazi du.

Gorabeherak gorabehera, eta aurretik aipatu bezala, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak lanean dira jada, biata klubeko gainontzeko taldeak ere.  Hasi berri duen aurre-denboraldian bi lagunarteko partidu jokatuko ditu Kanpanzar Arrasatek:  bata irailaren 15ean Elorrion eta, bestea, zazpi egun beranduago Iruñean.  Honetaz gain, astero-astero Isasiren mutilek bina lansaio burutuko dituzte, aurreko denboraldietan bezala, astearte eta ostegunetan.

Urrian hasi den ikasturte berriari begira Isasik aurreko urteetako blokeari eusten badio ere, sarrailagileek errugbia ezagutu nahi duen edonori ateak zabalik uzten dizkiote:  “gure kirola praktikatzen gozatu nahi duenak Mojategira gerturatzearekin nahikoa du, astearte eta ostegunero bertan izango baikara 19:00etatik aurrera”.  Animatu eta etor zaitez Mojategira!!!!



ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Babesleak