Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Arrasate Errugbi Taldeak 2018-2019 denboraldiko kirol egitura aurkeztu du

Arrasate R.T. (2018/09/27).

Arrasate Errugbi Taldeak familia argazkia atera du ostegun honetan eta, bide batez, jendaurrean aurkeztu du hastear dagoen 2018-2019 denboraldirako osatu duen kirol egitura.  Sebero Altuben burututako ekitaldian klub zuri-moreko jokalari, entrenatzaile eta, oro har, kide guztiak bildu dira.  Esan bezala, guztiek elkarrekin talde argazkia atera dute, baita ate-joka dagoen ikasturte berrirako duten ilusioa plazaratu ere.

Jokalari kopuruari dagokionez, azken urteetako ekitaldirik onena izango da aurtengoa Arrasate Errugbi Taldearentzat, aspaldiko partez klubak ia-ia kategoria guztietan ekipo propioa izango baitu.  16 urtez azpikoena izango da salbuespen bakarra; gainontzeko kategorietan, eta aurreko urteetan ez bezala, arrasatearrek ez baitute beste klub batzuekin taldea partekatzeko beharrik izango.

Aurten ia 100 jokalarik defendatuko dute elastiko zuri-morea Euskal Herriko berdeguneetan barrena, eta hauek guztiak zuzentzen zazpi entrenatzaile arituko diru, Igor Isasi buru.  Iaz bezala, aurten ere senior mailako taldeak Euskal Ligako 1. Mailan lehiatuko du eta, horretarako, Isasik 25 jokalari izango ditu bere aginduetarako.  Fitxa kopurua berdina izango da 18 urtez azpikoetan eta, aurretik aipatu bezala, kopururik eskasena 16 urtez azpikoetan izango da, bertan lau jokalari baino ez baitira izango.  

Federatutako esparrutik kanpo, infantil mailan -14 urtez azpikoak-, Arrasate Errugbi Taldeak 20 fitxa izango ditu.  Azkenik, Errugbi Eskolan 25 neska-mutikok gozatuko dute astero-astero errugbiarekin, horietatik 15 12 urtez azpiko kategorian eta, gainontzeko 10ak, 10 urtez azpikoetan.  

Oso pozik gaude, aurten ia-ia lortu baitugu kategoria guztietan ekipo propioa izatea, azken urteetan izan dugun helburua eta etorkizunari begira ezinbesteko bermea”, adierazi du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ane Agirrek.  Era berean, presidente zuri-moreak eskerrak eman dizkie klubean astero-astero laguntzen aritzen diren pertsona guztiei, “hala nola jokalarien gurasoei euren inplikazio eta kolaborazioagatik”.

2018-2019 DENBORALDIKO AURKEZPENA

ISEI BARBERO

Babesleak