Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Porrot mingarriarekin estreinatu du liga txapelketa Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2018/09/29).

Porrotarekin estreinatu dute denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Liga txapelketako estreinaldiko jardunaldian Igor Isasiren mutilek Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatutako taldeari egin diote bisita eta, markagailuan aurretik hasi badira ere, azkenean etxekoak nagusitu egin dira garaipen argiarekin.  Atsedenaldira joan orduko partidua erabakita zegoen, donostiarrek 42-3ko abantaila baitzuten ordurako, eta azken emaitza 96-10 izan da etxekoen alde.

Esan bezala, arratsaldea ondo hasi da Kanpanzar Arrasaterentzat, partidua hasi eta 10. minutua bete baino lehen baloia zutoinen artera bidali eta 0-3 aurreratu baitira zuri-moreak.  Bisitarien pozak, zoritxarrez, ez du luzaroan iraun.  Izan ere, Atletiko San Sebastianek berehala entsegu egin eta, ondorengo transformazioa gauzatuta, 8-3 aurreratu da.  

Oraindik beste ordu erdi geratzen zen lehenengo zatia amaitzeko, baina denbora horretan guztian donostiarrek agindu dute berdegunean, Kanpanzar Arrasateren etsipena tarteko.  Testuinguru honetan, etxekoek beste bost entsegu lortu dituzte, ondorengo transformazioetan hutsik egin gabe.  Gauzak horrela, aurreneko 40 minutuak amaituta eta aldageletarako bidea hartu orduko, markagailuak 42-3 erakusten zuen Atletiko San Sebastianen alde.  

Bigarren zatia hasi eta berehala Kanpanzar Arrasatek entsegu berri bat jaso du (49-3), eta hurrengo 10 minututan Isasiren mutilek etxekoen erasoei eusteko nolabaiteko gaitasuna erakutsi dute.  Ordu laurdena bete denean, baina, donostiarrek beste bi entsegu lortu dituzte segidan, markagailura 63-3koa igoz.  Kanpanzar Arrasatek lanean jarraitu du, azkenean, merezitako saria jasoz.  Lortutako entseguaren osteko transformazioan Lezamizek ez du hutsik egin eta, honenbestez, arrasatearrek markagailua zertxobait txukundu egin dute (63-10).

Norgehiagokaren azken ordu laurdenean Kanpanzar Arrasatek borrokatzen jarraitu badu ere, donostiarrek beste lau entsegu egin dituzte eta, horietatik hiru transformatuz, 96-10eko emaitzarekin geratu da markagailua.  Ez da gehiagorako astirik egon eta, behin arauzko denbora amaituta, epaileak norgehiagokaren amaiera adierazi du.

Laburbilduz, porrot mingarria zapatu honetan Kanpanzar Arrasatek Donostian jaso duena.  Atletiko San Sebastian eta Hernaniren kontra egindako hutsak aintzat hartu, eta horiek aztertu eta zuzendu izango da Isasiren mutilen lana datozen egunetan.  Aieteko atsekabea ahaztu eta lanean jarraitu, hori izango da gakoa Gernikaren kontra denboraldiko lehenengo garaipena eskuratzeko.  Basurdeen kontra sarrailagileek zaleen hauspoa izango dute bidelagun, aurtengo liga txapelketan Mojategi bisitatuko duen lehenengo taldea izango baita Gernika.

Senior Atletico SS-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak