Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gaztediren bisitarekin estreinatuko du 2019a Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2019/01/11).

Gabonetako oporrak atzean utzita, eta ia hilabeteko etenaldiaren ostean, Euskal Ligako 1. Maila berriro ere martxan jarriko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek berriro ere egingo dute salto berdegunera.  Igor Isasiren mutilek Gaztediren bisitarekin hasiko dute estreinatu berri dugun 2019. urtea, garaipenaren bidera itzultzeko asmoarekin.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Mojategin, 16:30ean hasita.

Kanpanzar Arrasatek puntuen premia larria du, azken sailkatua baita zortzi punturekin.  Isasiren mutilek garaipen bakarra eskuratu dute orain arte jokatutako zortzi partiduetan, BRT Menditarraken kontra Mojategin lortutakoa.  Gainontzeko partiduetan sarrailagileek porrota jaso dute, kasu batzuetan, abenduan Bera Beraren kontra jokatutako norgehiagokan esaterako, zertxobait gehiago merezi izan badute ere.  Egun horretan, markagailuan aurretik zirela, azken unean ihes egin zion garaipenak Isasik zuzentzen duen taldeari.

Asteburu honetan talde zuri-moreak aurrean edukiko duen aurkaria oso bestelako egoeran dago, 30 punturekin sailkapen buruko multzoan baitago Gaztedi.  Arabarrek bi partidu baino ez dituzte galdu lehen itzuli honetan, eta Ordizia liderra puntu bakarrera dute.  Testuinguru honetan, erronka zaila izango da zapatu honetan Isasiren mutilek izango dutena.

Liga txapelketa erdia agortzeke dagoen honetan Kanpanzar Arrasate mailari eusteko borrokan murgilduta dago buru belarri, azken postuan baina bizirik.  Izan ere, azken lau sailkatuen artean sei puntuko aldea baino ez dago.  Azkenaurreko sailkatu Getxo B bederatzi punturekin dago, arrasatearrekiko puntu bakarreko abantaila duela.  Baztanek 10 puntu poltsikoratu ditu orain arte eta, zazpigarren sailkatu Bera Bera B-k, 14 ditu.  

Gauzak horrela, eta oraindik itzuli oso bat aurretik dagoela, dena erabakitzeke dago mailari eusteko borrokan.  Gogoratu beharra dago azken sailkatuak galduko duela kategoria soilik;  Azkenaurrekoak, berriz, promozioa jokatu beharko du denboraldi amaieran Euskal Ligako 2. mailako bigarren sailkatuaren kontra.


Asteburuko partiduak

Seniorrek bezala, Arrasate Errugbi Taldeko kadete eta infantil mailako ekipoek ere zapatuan jokatuko dute.  Lehenengoek Durango hartuko dute Mojategin 11:30ean eta, bigarrenek, Bera Beraren kontra neurtuko dituzte indarrak Lakuan 10:30eatik aurrera.  Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek lansaioa burutuko dute igande goizean Mojategin (10:30).

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak