Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Oraingo honetan Kanpanzar ART esku hutsik geratu da

Seniorra (2019/01/19).

Asteburu honetan ere kategoriako oilarretako bat izan da bisitari Mojategin eta, iragan astean ez bezala, oraingoan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan dute ezustekoa eman.  Euskal Ligako 1. Mailako bigarren itzuliko aurreneko jardunaldiaren baitan Igor Isasiren mutilek bigarren sailkatu Atletiko San Sebastian / Hernaniren kontra neurtu dituzte indarrak eta, saiatu badira ere, oraingo honetan ezin izan dute garaipena eskuratu.  Azken emaitza 27-45 izan da bisitarien alde.

Norgehiagoka ezin hobeto hasi da etxekoentzat, 10. minutua bete baino lehen epaileak arrasatearren aldeko zigor kolpea adierazi eta Arizaletak baloia zutoinen artera bidali du, markagailuan 3-0ekoa ezarriz.  Handik gutxira, baina, bisitariek entsegua egin eta emaitza irauli egin dute (3-5).  Hortik aurrera lehen zatiko minuturik onenak eduki dituzte Donostia aldekoek eta, tarte horretan, beste entsegu bat egin eta transformazioan asmatuta abantaila handitu egin dute (3-12).

Bitxia badirudi ere, bisitarien bigarren entsegu horrek bizia eman dio Kanpanzar Arrasateri, eta erasora jo dute, txuri-urdinak euren zelaian sarraraziz.  Ordurako etxekoak gizon bat gutxiagorekin ari ziren, orkatilan min hartuta Argoitiak zelaia utzi behar izan baitu.  Hala eta guztiz ere, bisitarien 22ko eremu inguruan burututako bultzada batean Isasiren mutilek arratsaldeko aurreneko entsegua lortu dute (8-12).  10 minutu eskas falta ziren arauzko denbora amaitzeko baina, zoritxarrez, Atletiko San Sebastian / Hernanik oraindik tartea izan du beste entsegu bat egin eta atsedenaldira 8-19ko abantailarekin joateko.

Bigarren zatian aulkitxoan ordezko jokalaririk ez edukitzeak –gaurkoan Isasik 15 gizon baino ez ditu izan bere aginduetara- min asko egin dio Kanpanzar Arrasateri, halere, etxekoak beste hiru entseguren egiteko gai izan dira.  Kementsu aritu eta sailkapen buruko beste talde indartsuhorietako bati aurre egin arren, gaurkoan sarrailagileek ez dute merezitako saria jaso, eta azkenean bisitariak 27-45ko emaitzarekin nagusitu dira.

Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasatek mailari eusteko borrokan murgilduta jarraitzen du buru belarri eta, datorren astean, denboraldi amaieran lehia honetan aurkari zuzena izan daitekeen Gernika B-ri egingo dio bisita.  Basurdeek ezin hobeto ekin zioten ikasturteari baina, jardunaldiak aurrera joan ahala, indarra galdu dute eta sailkapen zuloko postuetatik gero eta gertuago daude.  

Honenbestez, astebete barru Urbietan garaipena lortzeak urrearen balioa izan dezake.  Norgehiagoka honen ostean La Unica eta Ordizia B izango dira sarrailagileen hurrengo aurkariak eta, goierritarren kontra indarrak neurtu ostean, orduan bai, arerio zuzenen kontra jokatzeko unea iritsiko da.  Lehenik eta behin Isasiren mutilek Getxo B-ri egingo diote bisita eta, sailkapenaren goialdean dagoen Bilboko Unibertsitariok Mojategi bisitatu ostean, Menditarrak eta Bera Bera B-ren kontrako lehiak iritsiko dira.  Denboraldiko azkeneko partidua Gasteizen jokatuko dute arrasatearrek, Gaztediren kontra, hain justu ere.

KANPANZAR ART - AT.SS/HERNANI Senior ART-Atletico SS

ISEI BARBERO

Babesleak