Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

La Unicaren kontra beste aurrerapauso bat ematea bilatuko du Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2019/02/07).

http://arrasaterugby.eus/noticia.asp?id=2125Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligako 1. Maila berriro ere martxan jarriko da asteburu honetan eta, 12. jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek La Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak Mojategin.  Une honetan sailkapen erdialdean badago ere Iruñeakoa talde indartsua da, halere, Isasiren mutilak mailari eusteko borrokan beste aurrerapauso bat ematen ahaleginduko dira.  Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 16:45eatik aurrera.

Gernikan urratutako puntuaren ostean –sarrailagileek ozta-ozta ez zuten irabazi- Kanpanzar Arrasate mailari eusteko borrokan murgilduta jarraitzen du, dena den, azken bi sailkatuekiko errenta txikiarekin.  Sailkapena Getxo B-k ixten du bederatzi punturekin eta, hauen aurretik eta puntu bakarreko abantailarekin, Baztan dago.  Hamalauna puntura berdinduta, berriz, Isasiren mutilak eta Bera Bera B daude, zortzigarren eta zazpigarren sailkatuak, hurrenez hurren.  Lasai egoteko moduko puntu kopuruarekin (25) Gernika B dago seigarren postuan eta, bizkaitarren aurretik, La Unica agertzen da bost puntu gehiagorekin.

Testuinguru honetan, eta aurkari zuzena ez bada ere, sarrailagileek gutxienez puntu bonusen bat urratzea bilatuko dute iruñarren kontra.  Zertxobait gehiago lortzea ere ez da baztertu behar, aurten Isasiren mutilek edozein talderi aurre egiteko gai direla erakutsi baitute, eta aurrekaririk gertukoena Gaztedik Mojategira egindako bisitan daukagu, egun horretan zuri-moreek egungo laugarren sailkatua –liderretik lau puntura baino ez- garaitu baitzuten.

Gauzak horrela, baikorrak izateko arrazoiak ez zaizkie falta Isasiren mutilei, ahalik eta gehiago La Unica hitzordu honetara bolada txarrean heltzen dela aintzat hartuta.  Nafarrek azken lau partiduetatik bakarra irabazi dute, urtarrila erdialdean Bera Bera B-ren kontra etxean (50-0) jokatutakoa.  Honenbestez, zale arrasatearren hauspoa bidelagun, Kanpanzar Arrasatek zapatua irribarretsu amaitzea bilatuko dute.


Norgehiagoka gehiago

Denboralea zela-eta iragan asteburuko norgehiagoka guztiak bertan behera geratu ostean, Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko taldeek ohiko lehiaketei berrekingo diete zapatuan.  Goiztiarrenak eskola mailako infantilak izango dira, 10:00etan Zarautzen kontra jokatuko baitute Mojategin.  12:15ean kadeteek Errioxaren kontra neurtuko dituzte indarrak Pradoviejo errugbi zelaian eta, 14:30ean, Gaztedirekin taldea partekatzen duten federatutako infantilek Getxori egingo diote aurre Faduran.  Azkenik, domekan Errugbi Eskolaren txanda izango da, 10:30eatik aurrera entrenamendua burutuko baita Mojategin.


Beteranoak

Dena den, senior eta harrobiko taldeez gain, beteranoek ere berdegunera egingo dute salto asteburu honetan.  Kanpanzar Arrasate eta La Unicaren partidua jokatu baino lehen, 15:30ean, Herensugeek lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin, kasu honetan ere iruñarren kontra, “Saizaharrak” ezizenez ezagutzen den beteranoen taldearen kontra, hain justu ere.  Ohi bezala, umore ona eta kiroltasuna ez dira faltako hitzordu honetan eta, errugbiarekin gozatu nahi duenak, Mojategira gerturatu besterik ez du egin behar, arratsaldea paregabea pasatzeko aukera baitago.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak