Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Ikuskizun polita eskainita, ezustekoa eman du Kanpanzar Arrasatek

Seniorra (2019/02/09).

Gaur arratsaldean Mojategira gerturatu direnek ikuskizun paregabeaz gozatzeko parada izan dute, lehenik eta behin Herensugeek jokatutako lagunarteko partiduarekin eta, ondoren, seniorrek lortutako garaipenarekin, bi kasuetan aurkaria La Unica izan dela.  Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek zailtasun ugariei egin behar izan dizkiete aurre gaurko neurketan –atsedenaldira 7-21 galtzen joan dira- baina, zorionez, markagailuari buelta eman eta azkenean 31-26 nagusitu dira.  

Beste batzuetan ez bezala, gaurkoan lo zelairatu dira Isasiren mutilak eta, konturatu orduko, atzean ziren markagailuan.  Partidua hasi eta berehala La Unicak baloia hartu eta ziztu bizian abiatu da etxekoen entsegu eremura, 0-7koa markagailuan jarriz.  Batekin konformatu ez, eta 10 minutu beranduago nafarrek arratsaldeko bigarrena egin dute, oraingoan ere transformazioa gauzatzerako orduan hutsik egin gabe (0-14).

Kolpe bikoitz hau, baina, Kanpanzar Arrasate suspertzeko baliagarria izan da eta, bultzaldi luze baten ostean, sarrailagileek markagailua nolabait orekatu dute euren aurreneko entsegua lortuta.  Ohi bezala, Arizaleta eraginkor aritu da baloia kolpatzerako orduan eta, honenbestez, 7-14koa igo da markagailura.  Jada lehenengo zatiaren ekuatorea gaindituta, indarrek parekatuta jarraitu dute berdegunean, zenbait unetan partidua berotuz.  Min hartu ostean Olabarriak zelaia utzi behar izan du baina, zorionez, handik minutu batzuetara berriro ere berdegunera itzuli da.  Eta arauzko denbora amaitzeko 10 minutu eskasen faltan La Unicak entsegu berri bat egin du.  Ez da tarterik izan arrasatearren erreakziorako eta, markagailuak 7-21ekoa erakusten zuela, aldageletarako bidea hartu dute bi taldeek.

Atsedenalditik bueltan polita izan da benetan etxekoek emandako erakustaldia.  Partidua maldan gora baldin bazegoen ere, zelairatu eta berehala nafarren errenta txikitu dute Dolarak egindako entsegua eta Arizaletak gauzatutako transformazioarekin (14-21).  Isasiren mutilek lanean jarraitu dute berdinketaren bila, eta baita lortu ere, oraingo honetan Argoitiaren eskutik –Arizaletaren transformazioa barne- (21-21).

Kanpanzar Arrasatek oraindik, baina, kolpe berria jasotzeke zeukan, bere kontu partikularreko laugarren entsegua lortuta La Unica berriro ere jarri baita aurretik (21-26).  Isasiren mutilek, ordea, ez dute besoak jaitsi eta berriro ere markagailuari buelta emateko gai izan dira.  Lehenik eta behin Danelek entsegua eginda, eta ondoren Arizaletak transformazioa gauzatuta, 28-26koa egin dute.  Oraindik, ordea, etxekoen azken kolpea falta zen.  Zigor kolpe batean baloia zutoinen artera bidalita, jaurtitzaile zuri-moreak amaierako 31-26koa jarri du markagailuan.

Zalantza izpirik gabe mailari eusteko borrokan aurrerapauso handia gaurkoan Kanpanzar Arrasatek eman duena, aurkari gogorraren kontra, gainera.  Hurrengo asteburuan sarrailagileek Ordizia hartuko dute Mojategin eta, astebete beranduago, Fadurara joango dira Getxo B-ren kontra indarrak neurtzera. Bizkaitarren kontra zerbait positiboa urratzeak berebiziko garrantzia izango du.

KANPANZAR ART 28-26 LA UNICA Senior ART-La Unica

ISEI BARBERO

Babesleak