Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Sorpresa ematea nahita nahiezkoa izango da Kanpanzar Arrasaterentzat

Seniorra (2019/04/03).

Denboraldi osoko lana edukiko dute jokoan asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Gasteizen, Gamarran garaipena lortu ezean aukera asko egongo bailirateke kategoria galtzeko.  Iragan asteburuan etxean aurkari zuzen Bera Bera B-ren kontra galdu ostean, asko zaildu zaizkie mailari eusteko bidea Isasiren mutilei eta, esan bezala, helburua lortzeko Gaztediri irabazi beharra diote nahita nahiez domeka honetan (11:30).

Ikasturtea amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan Euskal Ligako 1. Mailako sailkapen zuloa pil-pilean dago, lau puntuko tartean hiru talde baitaude.  Une honetan azken sailkatu Getxo B jaitsiko litzateke zuzenean, eta Kanpanzar Arrasatek jokatu beharko luke promozioa Euskal Ligako 1. Mailako bigarren sailkatuaren kontra.  Bi talde hauek 20 eta 21 punturekin daude, hurrenez hurren, eta euren aurretik BRT Menditarrak dago 24rekin.  Aupatu beharra dago nafarrek azken jardunaldian Ordiziaren kontra jokatu behar zuten partidua jokatua dutela jada, hortaz, ziurra da denboraldia puntu kopuru horrekin amaituko dutela.

Testuinguru honetan, mamu guztiak uxatzeko Kanpanzar Arrasatek egungo bigarren sailkatuaren zelaian irabazi beharra dauka eta, horretaz gain, puntu bonusa ere urratu.  Modu horretan sarrailagileek ez lukete beste emaitzen zain egon beharko,  26 punturekin amaituko bailukete txapelketa eta, baztandarrak sailkapenean aurreratzeaz gain, Getxo B-k ez luke inongo aukerarik izango Arrasateko taldea harrapatzeko.

Salbatzeko beste aukera bat Gasteizetik lau puntu ekartzea litzateke baina, kasu horretan, Isasiren mutilak getxoztarrek Donostian Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatzen duten taldearen kontra jokatu behar duten norgehiagokaren emaitzaren zain egon beharko lirateke.   Bizkaitarrek Aietetik bost puntuak ekarriz gero zuri-moreekin berdinduta amaituko lukete denboraldia, baina aurretik sailkapenean, bi taldeek elkarren aurka jokatutako bi partiduetan Fadurakoak izan baitira garaile.

Azkeneko aukera Gasteizen galtzea litzateke eta, kasu horretan, aukera asko leudeke kategoria galtzeko.  Hori gertatuz gero aukera bakarra salbatzeko Getxo B-ren hanka sartzearen zain egon eta promozioan garaile suertatzea litzateke.  Euskal Ligako 2. Mailako A multzoko ligaska amaituta Errioxa da bigarren sailkatua, hortaz, Logroñoko taldearen kontra borrokatu beharko du azkenaurreko sailkatuak denboraldi amaieran beste urtebetez 1. Mailan jarraitzeko.

Kontuak kontu, erronka zaila asteburu honetan Kanpanzar Arrasatek edukiko duena;  zaila bai, baina ez ezinezkoa.  Eta horretaz jabetzeko ez dugu oso urrunera joan beharrik, lehen itzulian Isasiren mutilek pronostiko guztiak hautsi eta Gaztedi garaitu baitzuten Mojategin.  Euren izaerari eutsiz, gal edo irabaz, beti bezala Isasiren mutilek azken unera arte borrokatuko dute igande honetan ere eta, ziur asko, zale zuri-moreen hauspoa ere bidelagun izango dutela Gasteizen.


Asteburuko kartelera

Denboraldiko azken txanpa honetan kartelera hitzorduz lepo egongo da asteburuan.  Gauzak horrela, Arrasate Errugbi Taldeko neska-mutikoek hiru zita izango dituzte zapatuan:  infantilek, bai federatutakoek eta baita eskola mailakoek ere, 11:00etan jokatuko dute;  lehenengoek Iruñean La Unicaren kontra eta, bigarrenek, Mojategin Txingudiren aurka.  Bestetik, Oñatin Leintz Eskola Kiroleko umeek errugbia bertatik bertara ezagutzeko parada izango dute 9:30eatik aurrera.

Seniorrez gain, domekan Errugbi Eskolako gaztetxoek ere egingo dute salto berdegunera, Iruñean izango den jardunaldian hartuko baitute parte.  Bertan, OPUS Unibertsitateko errugbi zelaian, 10 eta 12 urtez azpiko jokalari zuri-moreek Iruñea, La Unica eta Eibarren kontra neurtuko dituzte indarrak.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak