Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Federazioaren ebazpenaren faltan, azken postuan amaitu du denboraldia Kanpanzar Arrasatek

Seniorra (2019/04/07).

Domeka beltza izan da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko seniorrentzat, aurreikuspen negatiboenak bete baitira:  arrasatearrek galdu egin dute Gaztediren kontra Gamarran jokatu behar zuten partidua, eta mailari eusteko borrokan aurkari zuzen Getxo B-k, pronostiko guztiak hautsiz, bere lehia irabazi du.  Gauzak horrela, eta klub zuri-moreak aurkeztutako errekurtsoaren harira Federazioak hartzen duen erabakiaren zain, une honetan Kanpanzar Arrasate zuzenean jaitsiko litzateke Euskal Ligako 2. Mailara.

Esan bezala, partidu ona jokatu eta jarrera bikaina erakutsi arren, Isasiren mutilek domeka honetan ezin izan dute puntu bakar bat ere urratu Gamarran.  Aitzitik, orain arte azken postuan zegoen Getxo B-k sorpresa eman du Faduran, eta sekulako errepasoa eman dio Atletiko San Sebastian eta Hernanik partekatzen duten ekipoari (51-10).  Bera Bera B-k eta Baztanek galdu egin dute La Unica eta Ordiziaren kontra, hurrenez hurren; baina biek ala biek puntu bonusa urratu dute.  

Honenbestez, azken postuan amaitu du liga txapelketa Kanpanzar Arrasatek 21 punturekin, 24rekin amaitu duen BRT Menditarraken atzetik.  Azken hirugarrena Getxo B izan 25ekin eta, bizkaitarren aurretik, Gernika B-k amaitu du 29rekin.  Dena den, litekeena da sailkapen hau behin betikoa ez izatea, esan bezala, iragan astean Bera Bera B-ren aurka jokatutako partiduaren kontra helegitea aurkeztu baitu Arrasate Errugbi Taldeak.  Donostiarrek Ohorezko B mailako bi jokalari zelairatu izana salatu du klub zuri-moreak, batak lehen taldearekin 18 partidu jokatutakoa eta zazpi besteak.  Arautegiak dio goiko taldearekin sei partidu baino gehiago jokatzen dituzten jokalariek ezin dutela bigarren taldearekin lehiatu.

Testuinguru honetan, Kanpanzar Arrasatekoak Euskadiko Errugbi Federazioaren zain daude orain, horren menpe baitago talde zuri-morearen etorkizuna.  Kirol Diziplinarako Batzordeak irabazitzat ematen badu partidua, Isasiren mutilek azken postua saihestuko lukete eta, bost puntu emanez gero, baita azken-aurrekoa ere.  Esan bezala, azken hitza Federazioak izango du.  

Senior Gaztedi-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak