Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasatek promozioa jokatuko du Errioxaren kontra

Seniorra (2019/05/14).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek mailari eusteko azken aukera bat izango dute, Eusko Jaurlaritzako Kirol Justiziako Euskal Batzordeak kaleratu berri duen ebazpenaren ostean, bere garaian Euskadiko Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinarako Batzordeak kendutako lau puntuak itzuli baitizkiote talde arrasatearrari eta, ondorioz, azkenaurreko postuan amaitu du denboraldia.  Gauzak horrela, Isasiren mutilek promozioa jokatu beharko dute Logroñoren kontra eta, bertan nagusituz gero, beste urtebetez jarraituko dute Euskal Ligako 1. Mailan. Lehenengo partidua zapatu honetan –maiatzak 18- izango da Logroñoko Pradoviejo errugbi zelaian (17:00) eta, bueltakoa, hilaren 25 eta 26ko asteburuan Mojategin.

Auzi honen aurrekariekin topo egiteko pasa den otsailaren 16ra egin behar dugu salto, egun horretan Ordizia B-ren kontra jokatu behar baitzuen Mojategin Kanpanzar Arrasatek.  Denboraldi honetan ohikoa bilakatu den buruhaustea izan zuen norgehiagoka horretan ere talde zuri-moreko entrenatzaile Igor Isasik:  Lesioak.  Teknikari zuri-moreak 12 jokalari baino ez zituen izan bere aginduetara, eta horietatik hiru zelaitik erretiratu behar izan ziren min hartuta norgehiagoka hasi eta gutxira.  Ondorioz, eta horrelako kasuetan ohikoa den moduan, epaileak arautegiak dioena aplikatu eta partidua amaitutzat eman zuen goierritarren aldeko 0-7ko emaitza adieraziz.

Handik egun batzuetara, baina, Arrasate Errugbi Taldeak Euskal Errugbi Federazioaren Kirol Diziplinarako Batzordearen ebazpena jaso zuen, non klub zuri-morearen jarrera partidu horretan lege-iruzur erakoa zela zioten eta, ondorioz, talde arrasatearrari lau puntu kentzearen zigorra ezartzen zuten.  Egoera honen aurrean Ane Agirre buru duen Zuzendaritza Batzordeak errekurtsoa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Kirol Justiziako Euskal Batzordean eta, esan bezala, honek arrazoia eman dio talde arrasatearrari, bere garaian kendutako lau puntu horiek itzuli dizkiotela. 

Promozioan Kanpanzar Arrasateren aurkari izango den Errioxak Euskal Ligako 2. Mailako txapeldunordea izan da, igoerarako txartela zuzenean lortu duen Elorrioren atzetik sailkatuta.  Logroñokoek denboraldiko bigarren fasean jokatutako sei partiduetatik lau irabazi dituzte, orotara 21 puntu poltsikoratuz.  Kategoriako txapeldun Elorrio eta Sarako Izarra taldearen kontra baino ez dute amore eman errioxarrek ikasturteko azken txanpa honetan.


ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak