Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasate lanean da jada

Seniorra (2019/08/28).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak lanean dira jada, asteartean ekin baitzioten aurre-denboraldiari.  Berritasun nagusia aurten aulkitxoan izango da, izan ere, Igor Isasiren aroa amaituta, lekukoa etxeko batek hartu du:  Julen Barrutia.  Teknikari arrasatear berriak 25 urte ditu, denbora luzez elastiko zuri-morea defendatu izan du jokalari moduan eta iragan denboraldian 18 urtez azpiko taldea zuzendu zuen.  2. Mailako CSD titulazioa du, eta Euskal Selekzioaren azpiko kategorietako aulkitxoetan ere aritu da.  Honetaz gain, aurten ere kadete mailatik jokalari asko igoko dira lehen taldera, guztiak iragan denboraldian Barrutiaren aginduetara aritutakoak.

Kanpanzar Arrasatek asteartean burutu zuen aurreneko entrenamendu saioa Barrutiaren gidaritzapean.  Ohi bezala, ART-ko seniorrek astearte eta ostegunean -19:00etatik aurrera- burutuko dituzte lansaioak aurten ere, halere, eta Barrutiak baieztatu bezala, aurre-denboraldian ostiraletan ere entrenatuko dute.  Era berean, “asteburuetan beste ekintza batzuk burutuko ditugu, mendi irteeran, esaterako”, gaineratzen du teknikari zuri-moreak.  “Gogotsu eta ilusioz beterik gaude denboraldi berriari begira, eta bateren batek errugbia ezagutu nahi badu Mojategira gerturatu besterik ez du egin behar”, dio.

Entrenamenduez gain, lagunarteko partiduren bat edo beste ere jokatuko du talde arrasatearrak, oraindik hitzordu horiek lotzeke baldin badaude ere.  Izan ere, Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik ez du egutegia argitaratu eta, hori osatzeko, ordezkari zuri-moreak datorren asteartean Eibarren izango den bilerara deituta daude.  Dena ondo bidean, eta aurreko ikasturteetan gertatu bezala, litekeena da txapelketa ofiziala iraila amaiera edota urria hasieran martxan jartzea.  “Horren arabera zehaztuko ditugu aurre-denboraldiko partiduen datak eta aurkariak”, dio Barrutiak.  Iaz kategoria galdu ostean, sarrailagileek Euskal Ligako 2. Mailan lehiatuko dute aurten, hortaz, onenen artean egon eta, ahal bada, goiko kategoriara itzultzea izango da aurtengo erronka.


Julen Barrutia


1993. urtean Arrasaten jaioa, gaur egun 25 urte ditu, txiki txikitatik gertutik bizi izan du errugbia Barrutiak: ART-ko presidente ohi Ramon Barrutiaren semea, hainbat urtez Kanpanzar Arrasateren elastikoa defendatu izan du jokalari gisa eta, behin berdeguneetatik erretiratu ostean, iragan denboraldian ere 18 urtez azpiko taldea zuzendu zuen.  2. Mailako CSD tituluduna, Euskal Selekzioko azpiko kategorietako aulkitxoetan ere jardun izan du Barrutiak, 16 urtez azpikoen egungo entrenatzailea ere baita.  Kirolari sutsua, borrokazko kirolak eta arte martzialak ere egon badaude Kanpanzar Arrasateko entrenatzaile berriaren zaletasunen artean.

ISEI BARBERO - Argazkiak: J. Barrutia

Babesleak