Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Aise nagusitu da Kanpanzar Arrasate azken sailkatu Funesen kontra

Seniorrak (2019/10/20).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko hirugarren garaipena poltsikoratu dute zapatu honetan, Funesi Mojategin 80-7 irabazita.  Julen Barrutiaren mutilek garaipen erosoa poltsikoratu zuten Euskal Ligako 2. Mailako azken sailkatuaren kontra eta, modu honetan, sailkapen buruan jarraitzen dute 15 punturekin ikasturteko aurreneko hiru partiduak irabazi ostean.

Kanpanzar Arrasatek hasieratik bideratuta utzi zuen neurketa, ordu laurdena ete orduko 21-0 baitzihoan aurretik Olabarria, Abarrategi eta Salaberriren entseguak eta Arizaletaren transformazioei esker.  Orduantxe heldu zen nafarren erreakzioa, ordu erdia bete baino lehen entsegua egin eta etxekoen abantaila murriztu baitzuten.  Dena den, Funesen poztasunak ez zuen luzaroan iraun, atsedenaldira joan aurretik Arrasateko taldeak beste lau entsegu egin –Salaberri, Portalo, Peru eta Andoni- eta norgehiagoka erabakita utzi baitzuen 47-7ko emaitzarekin.

Atsedenaldi ostean Barrutiaren mutilen nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen, eta etxekoen entseguak bata bestearen atzetik etorri ziren, beste bost orotara.  Ariza, Joseba, Markel eta Potato bi aldiz izan ziren entsegu zuri-moreen egileak, kasu bakarrean transformazioa gauzatzerako orduan Arizaletak huts egin zuela.  Modu honetan, amaieran Mojategin Kanpanzar Arrasate nagusi 80-7ko emaitzarekin.

Esan bezala, hiru jardunaldi jokatuta eta beste horrenbeste garaipen poltsikoratu ostean, Kanpanzar Arrasate sailkapen buruan da 15 punturekin, bigarren sailkatu Iruñearekiko bost puntuko abantailarekin.  Hirugarren sailkatua La Unica B da zortzi punturekin, bosna berdinduta Gaztedi B eta Zarautz B daude eta azken postuan Funesek jarraitzen du, oraindik punturik eskuratu barik.  Hurrengo asteburuan etxetik kanpo jokatuko du Kanpanzar Arrasatek, La Unica B-ren zelaian, hain justu ere.

Senior ART-Funes

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak