Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Geldiezin jarraitzen du Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/10/26).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko laugarren garaipena poltsikoratu dute zapatu honetan, Iruñean, La Unicaren kontra jokatutako partiduan.  Arrasatearrak 12-48 nagusitu dira eta, beraz, berriro ere garaipenak ematen dituen lau puntuez gain bonusa ere eskuratu dute.  Gauzak horrela, sarrailagileek berriro ere lidergoa berretsi dute, eta jada 20 puntu dituzte patrikan.

Garaipena, baina, ez da erraza izan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldearentzat.  Norgehiagoka hasieran lokartuta zelairatu eta etxeko taldeak 6-0 hartu du aurrea markagailuan, etekin ezin hobea ateraz bisitariek egindako zigor kolpe ugariei.  Arrasatearrei kostatu egin zaie partiduari buelta ematea, baina gogor lan eginda markagailua irauli egin dute, azkenean partidu sendoa burutuz.

Entrenatzaile zuri-morea pozik agertu da norgehiagoka amaieran bere taldeak egindako lanarekin:  “Defentsan presio ona egin dugu, meleetan ere ondo aritu gara eta, erasoan, uztartze irekietan baloia azkar atera eta espazioa ondo okupatzeko gai izan gara”.  Era berean, Barrutiak entsegurik jaso ez izanaren garrantzia azpimarratu du, halere, egindako zigor kolpe ugarien kopurua murriztearen beharra nabarmendu du.  “Oro har oso pozik nago taldeak egindako lanarekin eta, noski, etxera dakartzagun bost punturekin”.

Esan bezala, garaipen berri honen ostean Kanpanzar Arrasatek sailkapen buruan jarraitzen du, eta bide ezin hobetik Euskal Ligako 1. Mailara igotzeko borrokan.  Hurrengo asteburuan, zubia dela eta, ez da liga jardunaldirik izango baina, bi aste barru, Kanpanzar Arrasatek Gaztedi B hartuko du Mojategin.

Iazko denboraldian La Unicako lehen taldearen kontra Mojategin jokatutako partidua.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak