Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gaztediren kontra denboraldiko bosgarren garaipena bilatuko du Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/11/05).

Astebeteko etenaldiaren ostean –iragan astean zubia zela eta ez zen jardunaldirik izan- Euskal Ligako 2. Mailako taldeak berdegunetara itzuliko dira asteburu honetan eta, bosgarren jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Gaztedi B hartuko dute Mojategin.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilak orain arteko bolada ezin hobeari jarraipena ematen ahaleginduko dira.

Liga hasieratik jokatutako lau partiduak irabazita sailkapen buruan da 20 punturekin Kanpanzar Arrasate, jada mailaz igotzeko hautagaitza mahai gainean jarri duelarik.  Arrasatearren helburu nagusia iaz galdutako kategoriara itzultzea da eta, orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, bide zuzenetik doazenik ezin da ukatu.  Barrutiaren mutilak merezimendu osoz nagusitu dira orain arteko norgehiagoketan, guztietan bonusa ere eskuratuz, gainera.


Iazko denboraldian Gaztediko lehen taldearen kontra lortutako garaipena.

Gauzak horrela, une honetan ez erlaxatzea da erronka, eta orain arte erakutsitako tentsio eta kemen igualarekin lehiatzen jarraitzea.  Zapatuan Mojategi bisitatuko duen taldea azkenaurreko sailkatua da, garaipen bakarra eskuratu duela, hortaz, Kanpanzar Arrasatek ez luke arazo handiegirik eduki beharko mendean hartzeko.  Dena den, eta esan bezala, ezusteko desatseginik ez hartzeko Barrutiaren mutilak kontzentratuta zelairatu beharko dira eta Gaztedi B-ri apaltasun oso aurre egin, hori izango baita bidea zaleei denboraldiko bosgarren garaipena eskaintzeko.  

Jardunaldi hau jokatutakoan sailkapen faseko ekuatorera helduko gara eta, aipatutako partidu hauen faltan, Kanpanzar Arrasatek bost puntuko aldea du bigarren sailkatu Iruñearekiko.  Hirugarren postuan Zarautz B da 10 punturekin eta laugarren sailkatu La Unica B-k bi gutxiago ditu.  Azkenaurrekoa Gaztedi B da bostekin eta sailkapen zuloan Funes da, oraindik puntuen kutxatxoa estreinatu barik duela.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak