Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Garaipenen plenoarekin amaitu du lehen itzulia Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/11/09).

Aurreikuspenak betez, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bosgarren garaipena erdietsi dute zapatu honetan Mojategin Gaztedi B-ren kontra jokatutako norgehiagokan.  Arrasatearrek hasiera hasieratik ezarri dute euren nagusitasuna, eta atsedenaldira 24-7ko abantailarekin joan dira.  Bigarren zatian alde hori handitu egin dute, amaierako 38-7ko emaitza lortu arte.  

Ura eta hotza izan dira nagusi Mojategin zapatu arratsaldean, halere, hori ez da aitzakia izan Barrutiaren mutilentzat.  Zelai arrasatearrera gerturatutako zaleen hauspoa bidelagun, Kanpanzar Arrasatek partidua hasi eta gutxira hartu du aurrea markagailuan, Narbaitzak lortutako entseguari esker (5-0).  20. minutuan heldu da etxekoen bigarren entsegua, gaurkoan, Arizaletaren baja zela eta, jaurtitzaile gisa aritu den Portaloren eskuetatik.  Jokalari arrasatearrak entsegua egin eta transformazioa gauzatzeko gai izan da, 12-0ekoa markagailuan jarriz.

12-0ekoarekin Gaztedi B-ren erreakzioa iritsi da, entsegua egin eta sarrailagileen abantaila murriztu baitute (12-7).    Gasteiztarren erreakzioak, baina, ez du gehiagorako eman eta, ordu erdia bete baino lehen, Herizek etxekoen hirugarren entsegua lortu du (17-7).  Atsedenaldira joan aurretik Kanpanzar Arrasate laugarrena egiteko ere gai izan da, transformazioa barne, eta 24-7koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta berehala Barrutiren mutilek beste bi entsegu lortu dituzte, oraingo honetan transformazioetan hutsik egin gabe eta, honenbestez, 38-7koa igo da markagailura.  Hortik aurrera sarrailagileek ordura arte lortutako abantaila sutsu defendatu dute, eta norgehiagoka amaitu arte ez da markagailua gehiago mugitu.

Gauzak horrela, garaipenen plenoarekin heldu da sailkapen faseko lehen itzuliaren amaierara Kanpanzar Arrasate, jokatutako norgehiagoka guztietan garaipenaz gain, bonusa ere eskuratu duelarik.  Hurrengo asteburuan, bigarren itzuliko aurreneko jardunaldiaren baitan, denboraldiko seigarrena, Barrutiaren mutilek orain arteko bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute:  Berriro ere Mojategin izango da, baina oraingo honetan aurkaria Iruñea izango dela.

KANPANZAR ART - GAZTEDI B

ISEI BARBERO

Babesleak