Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Lidergoa sendotzeko aukerarekin ekingo dio bigarren itzuliari Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2019/11/13).

Asteburu honetan Euskal Ligako 2. Mailako taldeek bigarren itzuliari ekingo diote eta, seigarren jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek bigarren sailkatu Iruñea hartuko dute Mojategin.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean, 16:00etan hasita, jokatuko da Mojategin, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek orain arteko bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.

Kanpanzar Arrasatekoek orain arte jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzte eta lidergoan dira 25 punturekin, bigarren sailkatu Iruñearekiko bost puntuko abantaila dutela.  Gauzak horrela, eta sailkapen fasea amaitzeko bost partiduren faltan –asteburu honetakoa barne-, nafarrak Mojategin mendean hartuz gero aurrerapauso nabarmena emango lukete Barrutiaren mutilek lidergoa sendotze bidean.

2015-2016 denboraldian Iruñearen kontra Mojategin jokatutako neurketa.

Iruñeak orain arte jokatutako bost partiduetatik lau irabazi ditu, porrot bakarra Kanpanzar Arrasateren kontra jokatutako partidukoa izan dela, denboraldiko estreinaldiko jardunaldian.  Gauzak horrela, eta bi taldeen artean dagoen alde txikia kontuan hartuta, ziur asko iruindarrak mendeku gosez etorriko direla Mojategira zapatuan, bide batez arrasatearrak sailkapenean harrapatze aldera.

Testuinguru honetan, eta garaipenak urrearen balioa izango duela kontuan hartuta, inoiz baino kontzentratuago zelairatu beharko dira Barrutiaren mutilak. Iruñeako partiduan ez bezala, Mojategin zaleen hauspoa izango dute bidelagun, baita orain arte jokatutako bost partiduetan lortutako garaipenek ematen dute konfiantza ere.  Esan bezala, hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 16:00etatik aurrera Mojategin.  


Kartelera


Seniorrez gain, asteburu honetan Gaztedirekin batera aritzen diren kadete eta infantilek ere egingo dute salto berdegunera.  Biek ala biek Lekarozen jokatuko dute zapatuan Txingudik eta Baztanek partekatzen duten taldearen kontra.  18 urtez azpikoek goizeko 10:30eatik aurrera lehiatuko dute, eta 16 urtez azpikoen txanda 11:45ean izango da.  14 urtez azpikoen kasuan ez da jardunaldirik izango, selekzioaren hitzordua izango baita zapatuan.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak