Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Kanpanzar Arrasateren bolada onak ez du etenik

Seniorrak (2019/11/16).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek geldiezin jarraitzen dute 2019-2020 denboraldian eta, zapatu honetan Mojategin Iruñearen kontra jokatutako norgehiagokan, ikasturteko seigarren garaipena erdietsi dute.  Julen Barrutiaren mutilek 17-7 hartu dute mendean bigarren sailkatu Iruñea eta, modu honetan, bideratuta uzten dute oso sailkapen fasea lidergoan amaitzea.  sarrailagileek jada 30 puntu dituzte patrikan, denboraldiko aurreneko zatia amaitzeko lau partiduren faltan.

Indarrak orekatuta egon dira aurreneko 40 minutuetan, gauzak horrela, markagailua mugitu barik zegoela hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko zatia amaituta.  Halere, Barrutiaren mutilek estu hartu dute Iruñea, zenbait minutuetan euren entsegu eremu inguruan jo eta ke aritu baitira.  Dena den, aurrea hartzeko aukerarik garbiena bisitariek izan dute, epaileak euren alde adierazitako zigor kolpe baten bitartez.  Kanpanzar Arrasateren zorionerako, baina, nafarrek ez dute asmatu baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan eta, esan bezala, 0-0ekoarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.


Salaberri, melea gertutik zaintzen.
Bigarren zatia hasi eta gutxira hartu du aurrea etxeko taldeak, zelairatu berri zegoen Iñigo Iparragirreren entseguari esker.  Batekin konformatu ez, eta handik eta bost minutu eskasera Dolara kapitainak Kanpanzar Arrasateren abantaila handitu egin du (10-0).  Ordu erdia oraindik bete barik zegoela zuri-moreen hirugarren entsegua erdietsi du Salaberrik eta, oraingoan ez, ez du hutsik egin Portalok transformazioa gauzatzerako orduan, 17-0ekoa markagailura igoz.    

Emaitza horrekin bazirudien etxekoek norgehiagoka bideratuta zutela, baina Iruñeak entsegua egin eta transformazioa gauzatuta Kanpanzar Arrasateren abantaila murriztu egin du, norgehiagokari emozio puntu bat emanda.  Denda den, Barrutiaren mutilek tinko eutsi diote euren errentari, eta denboraldiko seigarren garaipena poltsikoratu dute.

Gauzak horrela, garaipen berri bat Kanpanzar Arrasaterentzat, sailkapen buruko aurkari zuzenaren kontra, gainera.  Esan bezala, lau partidu baino ez dira falta sailkapen fasea amaitzeko eta, hurrengoa, datorren asteburuan jokatuko dute Barrutiaren mutilek, Astin, Zarautz B-ren aurka.  Handik astebetera sarrailagileek Funesi egingo diote bisita eta, astebeteko etenaldiaren ostean, urteko azken norgehiagoka La Unica B-ren kontra jokatuko dute Mojategin.  Urtarrilaren 12ko asteburuan fase honetako azken jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Kanpanzar Arrasatek Gaztedi B-ri egingo dio bisita.

Sailkapen fasea amaituta, Euskal Ligako 2. Mailako taldeek denboraldiaren bigarren urratsari ekingo diote, eta multzo bakoitzeko aurreneko hiru sailkatuek igoeragatik borrokatuko dute ligaska berri batean.  Beste multzoan Baztan eta Bilboko Unibertsitario B taldeak daude hoberen kokatuta sailkatzeko;  hirugarren plaza, aldiz, badirudi Zornotzako eta Uribealdearen artean egongo dela jokoan.

KANPANZAR ART - 17-7 IRUÑEA

ISEI BARBERO

Babesleak