Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Zarautz B-ri egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/11/18).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko zazpigarren garaipena bilatuko dute asteburu honetan eta, oraingoan, aurkaria Zarautz B izango da.  Euskal Ligako 2. Mailako zazpigarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Michelinen -Lasarte- jokatuko dute zapatuan, 15:10eatik aurrera, eta bertan garaipen berri bat eskuratu eta lidergoa oraindik gehiago sendotzearen helburuarekin zelairatuko dira.

Liga txapelketa iraila amairen martxan jarri zenetik geldiezin dihardu Kanpanzar Arrasatek, orduz geroztik jokatutako sei partiduetan garaipenak bata bestearen atzetik poltsikoratu baititu.  Hori gutxi balitz, norgehiagoka gehienetan bonusa ere eskuratu dute sarrailagileek –iragan asteburuan Iruñearen kontra Mojategin jokatutako partidua da salbuespen bakarra-  eta, honenbestez, lidergoan dira 29 punturekin, bederatzi puntuko aldea dutela bigarren sailkatu Iruñearekiko.

Sarrailagileek egungo hirugarren sailkatuari egingo diote bisita asteburu honetan.  Zarautzek jokatutako partiduen erdia –hiru orotara- irabazi ditu, eta 15 puntu ditu patrikan.  Iruñea eta Kanpanzar Arrasate izan dira orain arte zarauztarren borrero bakarrak, hortaz, jardunaldi honetan Michelinen joera horrekin amaitzea bilatuko dute kostaldekoek, bide batez sailkapen burura gerturatzeko.

Asteburu honetakoa sailkapen faseko azken laugarren jardunaldia izango da eta, honen ostean, hiru partidu baino ez zaizkie jokatzeke geratuko Barrutriaren mutilei.  Abendu hasieran Funesi bisita egin ostean astebeteko etenaldia izango da Euskal Ligako 2. Mailan eta, urtea amaitzeko 15 egunen faltan, 2019ko azken neurketa ofiziala jokatuko du Kanpanzar Arrasatek Mojategin La Unica B-ren kontra.  Denboraldiko aurreneko zati honetako azken jardunaldia urtarrilaren 12ko asteburuan jokatuko da eta, honen baitan, sarrailagileek Gaztedi B-ri egingo diote bisita.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak