Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Azken sailkatu Funesi egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/11/28).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2019. urteko azkenaurreko neurketa ofiziala jokatuko dute asteburu honetan, Nafarroa aldean, azken sailkatu Funesen kontra.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Lekarozen arituko da nor baino nor nafarren aurka zapatu arratsaldean, 16:00etatik aurrera, eta bertan denboraldiko zortzigarren garaipena bilatuko dute, bide batez, lidergoa oraindik gehiago sendotzeko.

Ezin hobea izan da Kanpanzar Arrasateren ibilbidea, irailean, liga txapelketa martxa jarri zenetik hona.  Orduz geroztik Barrutiaren mutilek euren nagusitasuna ezarri dute aurrean eduki duten aurkari ororen kontra eta, horren adierazgarri, egungo sailkapena.  Arrasatearrak bakar bakarrik dira sailkapen buruan 34 punturekin, bigarren sailkatu Iruñearekiko abantaila bederatzi puntukoa dela. 

Sarrailagileek asteburu honetan aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, ahazteko moduko ikasturtea izaten ari baita Funesentzat.  Nafarrak talde hasiberria dira eta, neurketetan, hori agerian geratzen da.  Gauzak horrela, Lekarozekoek puntu bakarra urratu dute orain arte, kontrako tanto gehien dituen taldea ere badirela.  Entseguak egiterako orduan ere ez dira fin ibili, aldeko 46 tantoen erregistroa ere kategoriako kaskarrena baita.

Datu hauekin mahai gainean, Kanpanzar Arrasatek ez luke arazo handirik izan beharko Lekarozetik denboraldiko zortzigarren garaipena ekartzeko.  Kirolaren munduan, baina, dena da posible, eta lokartuta eta erlaxatuta zelairatuz gero litekeena da ezusteko desatsegina hartzea.  Hori ez gertatzeko, ordea, onena orain arte erakutsitako apaltasun eta kemenarekin aurre egitea Funesi.

Esan bezala, zapatukoa urteko azkenaurreko neurketa ofiziala izango da Kanpanzar Arrasaterentzat.  Jardunaldi honen ostean astebeteko etenaldia izango du Euskal Ligako 2. Mailak eta, abenduaren 15eko asteburuan, Barrutiaren mutilek La Unica B hartuko dute Mojategin.  Fasearen azken jardunaldia 2020aren ongietorriarekin batera jokatuko da, urtarrilaren 12an, eta bertan sarrailagileek Gaztedi B-ri egingo diote bisita.  14 urtez azpikoek ere ez dute salto egingo berdegunera, baina adin tarte horretan egongo da zer ikusi Anoetan, zapatuan (11:00) nesken selekzioaren partidua izango baita Mojategin.


Kartelera


Asteburu honetan kadete eta federatutako infantilek ez dute hitzordurik edukiko, atsedenaldia dela-eta.  14. urtez azpiko kategorian ere ez da jardunaldirik egongo, baina tarte horretako errugbiaz dastatzeko aukera izango da Mojategin, nesken selekzioak partidua jokatuko baitu zapatuan, 11:00etatik aurrera.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak