Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Garaipen erosoarekin itxi du urtea Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2019/12/15).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipen erosoarekin esan diote agur 2019ari, La Unica B-ren kontra Mojategin domeka honetan eskuratutakoarekin, hain justu ere.  Euskal Ligako 2. Mailako bederatzigarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilak 69-5 nagusitu dira nafarren kontrako lehian eta, modu honetan, beste bost puntu poltsikoratu dituzte, lidergoa oraindik ere gehiago sendotuz sailkapen fasea amaitzeko jardunaldi bakarraren faltan.

Partidua hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde da, Kanpanzar Arrasateko jokalari Aitor Abarrategi aita zendu berriaren omenez.  Hasiera hasieratik bideratu du neurketa etxeko taldeak, ordu laurdena oraindik betetzear zela markagailuak jada 12-0ekoa erakusten baitzuen, Portalok lortutako entsegu parea eta Arizaletak gauzatutako transformazioari esker.  

Minutuak aurrera joan ahala arrasatearren entseguak bata bestearen atzetik heldu dira:  Narbaiza, Gontzal eta Julen Bellan –bi aldiz- izan dira entsegu zuri-moreen egileak, Arizaletak transformazioetan erakutsitako %100eko eraginkortasuna lagun.  Modu honetan, atsedenaldira joan orduko Kanpanzar Arrasatek norgehiagoka erabakita zeukan, markagailuak erakusten zuen 40-0eko errentarekin.

Bigarren zatia hasi eta berehala etxekoek beste hiru entsegu lortu dituzte segidan, Iñigo Iparragirre, Beñat Salaberri eta Portaloren eskutik.  Kasu honetan Arizaletak transformazio bakarrean asmatu egin du, eta norgehiagoka amaitzeko ordu erdiren faltan emaitza jada 59-0ekoa zen.  Errenta horrekin Barrutiaren mutilek oina azeleragailutik igo egin dute, halere, oraindik tartea izan dute beste pare bat entsegu lortzeko, Beñat Salaberri eta Peruren bitartez.  69-0ekoarekin egin du arratsaldeko entsegu bakarra La Unica B-k, norgehiagokaren amaiera ate-joka zela.  Gauzak horrela, azken emaitza 69-5 izan da Kanpanzar Arrasateren alde.

Jardunaldi bakarra falta da sailkapen fasea amaitzeko, urtarrila erdialdean jokatuko dena, eta honezkero Arrasateko taldeak jada 44 puntu ditu patrikan, aspalditik lidergoa ziurtatuta duela.  Fase honetako azken jardunaldian Gasteizera joango dira Barrutiaren mutilak, eta Gaztedi B-ren kontra denboraldiko aurreneko urratsa garaipenen plenoarekin amaitzea bilatuko dute.

SENIOR B.ARRASATE-LA UNICA RT B.15/12/2019.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ramon Barrutia / @jaitxubi

Babesleak