Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gaztediren kontrako lehiarekin eta lidergoa bermatuta duela itxiko du sailkapen fasea Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/01/08).

Gabonetako etenaldiaren ostean Euskal Liga berriro ere martxan jarriko da eta, 2. Mailaren kasuan, sailkapen faseko azken jardunaldia jokatuko da.  Honen baitan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Gasteizera joango dira igandean, eta Gaztedi B-ri egingo diote aurre.  Arabarren eta gipuzkoarren arteko norgehiagoka Gamarrako errugbi zelaian jokatuko da, 11:30eatik aurrera.

Orain direla hainbat aste lidergoa bermatuta, ezer gutxi izango dute jokoan arrasatearrek asteburu honetako lehian.  Dena den, aurreneko urrats hori gaindituta, eta orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, ziur asko Barrutiaren mutilen erronka nagusia orain denboraldiko aurreneko zatia garaipenen plenoarekin amaitzea izango dela.  Izan ere, orain arte jokatutako bederatzi partiduetan arrasatearrak jaun eta jabe izan dira.

Gaztedik, baina, ez du erraz amorerik emango, igoera fasea jokatzeko txartela edukiko baitu jokoan.  Gasteiztarrak laugarrenak dira sailkapenean 19 punturekin, hirugarren sailkatu Zarautzekin berdinduta.  Gauzak horrela, kostaldekoei aurrea hartzen badiete sailkapenean, onenekin batera lehiatuko lukete denboraldiaren bigarren zatian.  Horretarako, noski, ezinbestekoa izango zaie gutxienez punturen bat urratzea Barrutiaren mutilen kontra, eta Zarautzen hanka sartzearen zain egon.

Testuinguru honetan, Kanpanzar Arrasatek sailkapen fasea hau biribildu nahi badu, ezinbestekoa izango da kontzentratuta eta apaltasun osoz zelairatzea, esan bezala, Gaztedik asko edukiko baitu jokoan.  Jardunaldi honen ostean amaiera fasea jarriko da martxan, eta hemen bi multzoetako aurreneko hiru sailkatuak nor baino nor arituko dira Euskal Ligako 1. Mailarako txartelaren bila.  Bigarren ligaska honetako irabazleak zuzenean igoko da kategoriaz; bigarrenak, aldiz, promozioa jokatuko du 1. Mailako azkenaurreko sailkatuaren kontra.

Kanpanzar Arrasateren multzoan, sarrailagileek bezala, Iruñeak ere bermatuta dauka dagoeneko igoera faserako txartela.  Hirugarren eta azken plaza, esan bezala, Zarautz eta Gaztediren artean banatuko da.  Beste multzoan jada dena erabakita dago:  Bilboko Unibertsitario B, Baztan eta Zornotza izango dira onenen artean arituko diren taldeak.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak