Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Sailkapen fasea biribildu egin du Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/01/12).

Gabonetako etenaldiaren ostean Euskal Ligako 2. Maila berriro ere martxan jarri da asteburu honetan eta, sailkapen faseko azken jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Gaztediren kontra neurtu dituzte indarrak Gamarran.  Domeka goizean Gasteizen jokatutako norgehiagokan talde zuri-morea nagusitu egin da 16-29ko emaitzarekin eta, modu honetan, sailkapen fasea garaipenen plenoarekin itxi du.  

Julen Barrutiak 19 jokalari izan ditu bere aginduetara Gamarran, eta arrasatearrak gai izan dira etxekoek bi zatien hasieran erakutsitako kemenari eusteko.  Gasteiztarrek jende indartsua zuten aurrealdean, eta gogor aritu dira bultzatzerako orduan.  Halere, Kanpanzar Arrasatek ondo eutsi dio etxeko taldeari, “eta zelaia astuna baldin bazegoen ere, gai izan gara baloia gure zelaian mugitzeko”, adierazi du talde zuri-moreko entrenatzaile Barrutiak.  Gauzak horrela, arrasatearrak 11-17ko abantailarekin joan dira atsedenaldian.

Norgehiagoka hasieran bezala, aldageletatik bueltan Gaztedi indartsu zelairatu da berriro ere, baina Barrutiaren mutilen kemenak etxekoen erasoei eutsi dien.  Horren adierazgarri, gasteiztarrek puntu gehienak zigor kolpeen bitartez lortu izana da.  “Entsegu bakarra jaso dugu, eta horrek esan nahi du gure 22ko eremuan lan ona egin dugula”, azpimarratu du Barrutiak.  Gauzak horrela, norgehiagoka amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 16-29ko emaitzarekin.

Arrasateko taldeak garaipenen plenoarekin itxi du sailkapen fasea, eta orain igoera faseari ekin beharko dio.  Teknikari zuri-morea pozik agertu da denboraldiaren aurreneko zati honetan egindako lanarekin, eta “igoera fasea hasteko irrikan gaudela” azpimarratu du.  Arrasatearrekin batera ondorengo taldeak arituko dira nor baino nor Euskal Ligako 1. Mailara igotzeko:  Iruñea, Zarautz B, Uni Bilbo B, Baztan eta Zornotza.  Ligaska honetako txapelduna zuzenean igoko da goiko kategoriara;  bigarren sailkatuak, aldiz, promozioa jokatuko du Euskal Ligako 1. Mailako azkenaurreko sailkatuaren kontra.

Senior Gaztedi-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak