Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Baztanen aurrerapauso berria eman du Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/02/01).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko 12. garaipena poltsikoratu dute zapatu honetan, Baztanen, 5-19ko emaitzarekin nagusitu eta gero.  Euskal Ligako 2. Mailako igoera faseko bigarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek BRT Menditarrak taldearen kontra neurtu dituzten indarrak Lekarozen  eta, beste behin hasiera hasieratik neurketa bideratuz –atsedenaldira 0-19ko emaitzarekin joan dira-, arrasatearrak azkenean 5-19 nagusitu dira.

Kanpanzar Arrasatek 10 minutu behar izan ditu aurreneko kolpea emateko, orduantxe Julen Bellanek arratsaldeko aurreneko entsegua egin eta Arizaletak transformazioa zutoinen artera bidali baitu.  Bost minutu beranduago Salaberri izan da bisitarien errenta handitu duena, oraingo honetan Arizaletak transformazioan asmatu gabe, markagailuan 0-12koa ezarriz. 

Hortik aurrera indarrak nolabait orekatu dira, eta zenbait minututan markagailua ez da mugitu.  Ordu erdia bete aurretik, baina, Bellanek bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua eta Kanpanzar Arrasateren hirugarrena lortu du.  Berriro ere Arizaletak hartu du transformazioa gauzatzearen ardura eta, aurrekoan ez bezala, oraingo honetan ez du kalerik egin.  Honenbestez, 0-19koa igo da markagailura, eta lehen zatia amaitzeko geratzen ziren 10 minutu eskasetan ez da markagailua gehiago mugitu.

Bigarren zatiaren hasieran indarrak berriro ere parekatu dira, eta oreka hori bigarren 40 minutuetan zehar mantendu egin da. Hori gutxi balitz, nafarrek bisitarien errenta murriztu dute euren aurreneko entsegua lortuta. 5-19koarekin Baztan ahalegindu egin da, baina Barrutiaren mutilak sendo aritu dira defentsan eta bikain eutsi diote errentari. Gauzak horrela, partidu amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 5-19 emaitzarekin.

Garaipen berri bat Kanpanzar Arrasaterentzat, Euskal Ligako 1. Mailarako bidean aurrerapauso berria emateko baliagarria dena.  Barrutiaren mutilek tinko eusten diote lidergoari eta, bi jardunaldi jokatu direnean, 10 puntu dituzte jada patrikan.  Hurrengo asteburuan etxetik kanpo arituko da Kanpanzar Arrasate, Astin Zarautzen kontra, hain justu ere.

Senior Baztan-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak