Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Azken sailkatu Zarautzi egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/02/04).

Euskal Ligako 2. Mailako igoera faseko hirugarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Lasarteko Michelin zelaira joango dira.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak beste behin lidergoa defendatuko du eta, horretarako, azken sailkatu Zarautzi egingo dio aurre.  Norgehiagoka domeka eguerdian jokatuko da, 13:30ean hasita.

Denboraldia iraila amaieran martxan jarri zenetik Kanpanzar Arrasatek tinko eutsi dio 1. Mailarako bideari, izan ere, aurtengo ikasturtean jokatutako partidu guztiak –sailkapen faseko 10ak eta igoera faseko beste biak- irabazi baititu.  Arrasatearrek iragan asteburuan lortu zuten azkeneko garaipena, 5-19ko emaitzarekin Lekarozen.  Honenbestez, Baztan eta Iruñearen kontra gailendu ostean, lidergoan da Kanpanzar Arrasate bederatzi punturekin.  Atzetik Uni Bilbo B dago hiru puntu gutxiagorekin, kategoriaz igotzeko beste hautagai nagusia.  Zornotzako eta Iruñea launa puntura berdinduta daude, eta oraindik punturik urratu ez duen Zarautzek ixten du sailkapena.

2015-2016 denboraldian Zarautzen kontra Mojategin jokatutako partidua.

Gauzak horrela, liderra eta azken sailkatua izango dira aurrez aurre Michelinen asteburu honetan.  Datu hauei erreparatuz, sarrailagileek ez lukete arazo handirik izan beharko Zarautzetik denboraldiko 13. garaipena ekartzeko.  Kirolaren munduan, baina, dena da posible, eta aurkaririk ahulena ere izan daiteke kapaz ezusteko emateko.  Zentzu honetan, orain arteko jarrera igualarekin zelairatu beharko dira Barrutiaren mutilak, kontzentratuta, apaltasun osoz eta, beti bezala, gogor lan egin eta lehiatzeko prest.

Jardunaldi honen ostean igoera faseak pare bat asteko etenaldia izango du, hilaren 23ko asteburura arte, hain justu ere.  Orduantxe jokatuko du Kanpanzar Arrasatek denboraldiko partidurik garrantzitsuena izan daitekeena, Uni Bilbo B-k Mojategi bisitatuko baitu.  Bilbotarrak mailaz igotzeko arrasatearren aurkari nagusia izatera deituta daude eta, puntuak Mojategin geratuz gero, aurrerapauso nabarmena emangu luke talde zuri-moreak Euskal Ligako 1. Mailara itzultzeko.


Asteburuko kartelera


Seniorrek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoek zapatuan lehiatuko dute, Errugbi Eskolako neska-mutikoen salbuespenarekin.  Ohi bezala, 12 eta 10 urtez azpikoek domekan egingo dute salto berdegunera, oraingo honetan Unben eta Eibar, La Unica eta Atletiko San Sebastian/Hernani aurkariak izango dituztela.  Lehenengoek 10:30ean jokatuko dute; bigarrenak, aldiz, 11:50ean egingo dute salto berdegunera.

Esan bezala, gainontzeko kategorietan zapatuan izango da hitzordua.  14 urtez azpikoak ere Unben arituko dira, goizeko 11:00etatik aurrera.  Kadeteek Anoetan jokatuko dute Gaztedirekin batera, eta Bera Beraren kontra garaipena bilatuko dute eguerdiko 13:00eatik aurrera.  18 urtez azpikoen kasuan, asteburu honetan ez da liga jardunaldirik izango.


ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak