Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Lasartetik garaipen erosoa ekarri du etxera Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/02/09).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek igoera faseko hirugarren garaipena poltsikoratu dute, domeka honetan, Lasarteko Michelin errugbi zelaian Zarautz B-ren kontra 0-71eko emaitzarekin nagusitu eta gero.  Atsedenaldira joan orduko Julen Barrutiaren mutilek poltsikoan zuten garaipena, ordurako 0-40ko errenta baitzuten.  Bigarren zatian, baina, abantaila hori handitu egin dute, amaierako 0-71era arte.

Kosta egin zaio Kanpanzar Arrasateri aurrenekoz etxekoen entsegu eremuan baloia jartzera, lehenengo zatiko ekuatorea gainditu arte ezbaitute lortu bisitariek aurreneko tantoa, Iparragirreren eskutik.  Aurreneko kolpea emanda, baina, dena errazagoa izan da Barrutiaren mutilentzat eta, hortik aurrera, entsegu zuri-moreak bata bestearen atzetik etorri dira.  Abarrategik, Arizaletaren transformazioarekin, 0-12koa jarri du markagailuan eta, ondoren, zigor-entseguaren bitartez 0-19koa lortu dute bisitariek.

Esan bezala, atsedenaldira joan aurretik Kanpanzar Arrasatek oraindik beste 21 puntu lortu ditu, Delgado, Andoni eta Portaloren entseguen bitartez.  Transformazio hauetan guztietan Arizaleta eraginkor aritu da, eta ez du hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Honenbestez, 0-40koarekin hartu dute bi taldeek aldageletarako bidea arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatian norgehiagokak bide beretik jarraitu du:  Bellanek eta Salaberrik entsegu bana lortu dituzte, eta Arizaletak berriro ere asmatu egin du transformazioetan (0-54).  Bellanek entsegu berri bat lortu du, eta honen ondoren Dolara kapitainaren txanda izan da.  0-64koarekin, eta norgehiagoka amaitzeko bost minutu eskas falta zirela, Azkarragak neurketako azken entsegua egin du.  Aurreko bietan ez bezala, oraingo honetan Arizaletak ez du hutsik egin, markagailuan amaierako 0-71ekoa ezarriz.

Gauzak horrela, hiru garaipen eta 14 puntu ditu jada patrikan Kanpanzar Arrasatek, lidergoari tinko eusten diola.  Datorren astebururako etenaldia iragarrita zegoen Euskal Ligako 2. Mailako igoera fasean, baina Federazioak egindako aldaketa batzuen ondorioz, Kanpanzar Arrasatek salto egingo du berdegunera.  Barrutiaren mutilek Uni Bilbo B-ri egingo diote bisita, etorkizunerako urrezkoa izan daitekeen garaipena jokoan egongo dela.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak