Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Aurkari zuzen Uni Bilbori egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/02/13).

Hirugarren astez jarraian Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek etxetik kanpo jokatuko dute, oraingo honetan mailaz igotzeko aurkari zuzena den Uni Bilbo B-ren zelaian.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da El Fango errugbi zelaian, 15:30eatik aurrera, eta bertan arrasatearrek mailaz igotzeko erabakigarria izan daitekeen aurrerapausoa ematea bilatuko dute.  

Esan beharra dago asteburu honetarako ez zegoela jardunaldirik deituta Euskal Ligako 2. Mailan, baina bi taldeen arteko adostasuna dela medio, Federazioaren baieztapenaren, inauteri egunean Mojategin jokatzekoa zen partidua zapatu honetara aurreratu dute, zelaia ere aldatu dutela.  Izan ere, Federazioak bere garaian argitaratutako egutegian kontrakoa adierazten bazen ere, bilbotarren eta arrasatearren arteko lehia oraingo honetan El Fangon izango da; bigarren itzulikoa, aldiz, Mojategin.

Garrantzitsua izango da oso Bizkaia aldetik emaitza positiboa ekartzea, Kanpanzar Arrasateren jarraitzailerik gertukoena baita Uni Bilbo B.  Barrutiaren mutilek geldiezin jarraitzen dute aurtengo denboraldian eta, sailkapen fasean egin bezala, kategoriaz igotzeko baliagarria den ligaskan ere jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzte.  Gauzak horrela, talde zuri-morea lidergoan da 14 punturekin, bigarren sailkatu Uni Bilbok baino lau gehiagorekin.  Atzetik Zornotzako dago bederatzi punturekin eta, bosna puntura berdinduta, Zarautz eta Iruñea daude.  Sailkapena Baztanek ixten du, orain arte puntu bakarra urratu duela.

Sailkapen fasean porrot bakarra jasota eta Baztanekin 33na puntura berdinduta, igoera faserako txartela lortu ostean, gorabeheratsu ekin dio mailaz igotzeko borrokari Uni Bilbok.  El Fangokoek orain arte jokatutako hiru jardunaldietan Zornotzako eta Baztan hartu dituzte mendean etxean 48-0 eta 24-22ko emaitzekin, hurrenez hurren.  Iruñearen zelaian, aldiz, amore eman behar izan zuten (27-22). 

Zenbaki hauei erreparatuz beste behin izango da faborito Kanpanzar Arrasate, dena den, El Fangon belar naturalarekin egingo dute topo Barrutiaren mutilek, eta jakinekoa da horrek ez diola mesederik egiten Arrasateko taldeari.  Hala eta guztiz ere, orain arte sarrailagileak trebe aritu dira berdegune guztietan, belar artifiziala edo naturala izan, hortaz, oraingo honetan ere hori ez da aitzakia izango.  Puntuek norgehiagoka honetan, gainera, urrearen balioa dute!


Errugbi inklusiboa


Asteburuko beste hitzordu garrantzitsua domekan izango dugu, egun horretan Arrasate Errugbi Taldeak errugbi inklusibo saioa burutuko baitu, urritasunen bat duten neska-mutikoei zuzendutakoa.  Atzegi elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimen hau klub zuri-moreak, lehen taldeko entrenatzaile Julen Barrutia proiektuaren buru dela –Zuzendaritzako kide Imanol Luengoren laguntzarekin-.  Hitzordua Mojategi errugbi zelaian izango da, goizeko 11:00ak eta 12:30ak bitartean eta, bertaratzen direnek, errugbiaren nondik norakoak eta bere balioak ezagutzeko parada izango dute.  Izen ematea 943423942 telefonoan egin beharko da, Jonengatik galdetuta.

Gaztedi moduko beste klub batzuek izandako esperientzian oinarrituta bururatu zitzaigun ekimena antolatzea”, aitortu digu Barrutiak.  “Down sindromea duen anaia daukat eta, nire kasuan, errugbiak eman dizkidan onurak ikusita, Arrasaten horrelako ekimen bat antolatzea interesgarria izango zela pentsatu nuen”, gaineratzen du.  

Gauzak horrela, beste klubetako dinamiken nondik norakoak bertatik bertara jarraitzen hasi, eta Atzegiko arduradunekin jarri zen harremanetan Barrutia.  Azaroa-abendua inguruan eduki zuten aurreneko solasaldia bi aldeek, eta bertan entrenamendu saio bat antolatzea erabaki zuten,  “neska-mutikoei kirol apurtxo bat egiteko aukera eman, errugbiaren nondik-norakoak eta balioak ezagutu eta, bide batez, sozializazioa ere lantzeko”.  

Honenbestez, hilaren 16an burutuko dute errugbi inklusiboaren estreinaldiko saioa Arrasate Errugbi Taldeak eta Atzegik.  Horretarako zenbait boluntario arituko dira lanean Mojategin eta, Barrutiak baieztatu bezala, “balorazioa positiboa bada esperientzia errepikatzea izango da asmoa, dinamika bat hartze aldera, betiere horretarako baliabide materialak eta laguntzeko prest dagoen jendea baldin badaukagu”.  Etorkizunean Arrasate Errugbi Taldeak talde inklusiboa izatea “zoragarria” izango zela onartzen badu ere, Barrutiak zuhurtasunez jokatzen du:  “lehenik eta behin hasierako esperientzia hori baloratu beharra daukagu, jendea parte hartzera animatzen ote den ikusi eta proiektua aurrera ateratzeko baliabide nahikorik ote dugun konprobatu”.


Kartelera


Gainontzeko partiduei dagokionez, kadete zein infantil mailako taldeak zapatuan arituko dira.  18 urtez azpikoek egingo dute salto berdegunera lehendabizi, 10:15eatik aurrera eta Gaztediko kadeteekin batera, Zarautzi egingo baitiote aurre Lakuan.  Zertxobait beranduago, 10:30ean, eskola mailako infantilek Iruñea hartuko dute Mojategin.  Azkenik, federatutako infantilek, honako hauek ere Gaztedirekin batera eta Lakuan, Ordiziaren kontra neurtuko dituzte indarrak 11:30ean.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak