Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Iruñean ekingo dio bigarren itzuliari Kanpanzar Arrasatek

Arrasate R.T. (2020/03/04).

Asteburu honetan Euskal Ligako 2. mailako igoera faseko bigarren itzulia jarriko da martxan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Iruñeari egingo diote bisita.  Nafarren eta gipuzkoarren arteko lehia zapatu arratsaldean jokatuko da Iruñean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, eta bertan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak 1. mailarako bidean aurrerapauso berri bat ematea bilatuko du.

Bost partidu baino ez dira falta denboraldia amaitzeko eta, astetik astera, Kanpanzar Arrasatek helburua gero eta gertuago dauka.  Sailkapen fasean egin bezala, Barrutiaren mutilek partidu guztiak irabazi dituzte ikasturteko bigarren urrats honetan, eta tinko eusten diote lidergoari 24 punturekin.  Bigarren sailkatu Bilboko Unibertsitario B taldearekiko zortzi puntuko abantaila dute, eta asteburu honetan aurrean edukiko duten Iruñearekiko, berriz, 14.  Gauzak horrela, Nafarroa aldetik garaipena ekarriz gero, igoeraren borrokagatik beste aurkari zuzen bat baztertuko luke talde zuri-moreak.  

Iruñea aurkari aski ezaguna da Barrutiaren mutilentzat, aurtengo denboraldian elkarren aurka indarrak neurtuko duten laugarren aldia izango baita honako hau.  Aurretik aipatu bezala, norgehiagoka guztietan Arrasatekoak nagusitu dira eta, honenbestez, oraingo honetan ere faborito izango da talde zuri-morea.  Dena den, pronostikoak betetze aldera, apaltasun osoz eta kontzentratuta zelairatu beharko dira Barrutiaren mutilak, irailetik hona egin ohi duten bezala.

Zapatu honetakoa sailkapen faseari dagokionez etxetik kanpo Kanpanzar Arrasatek jokatuko duen azken partidua izango da, ligaxka amaitzeko geratzen diren beste laurak zaleen aurrean jokatuko baititu.  Gauzak horrela, eta orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, etorkizunari baikortasunez begiratzeko arrazoiak soberan dauzkate zale zuri-moreek.  


Errugbi inklusiboko bigarren saioa


Arrasate Errugbi Taldeak errugbi inklusibo saio berri bat burutuko du domeka honetan, martxoak 8.  Estreinaldiko jardunaldiak, otsailaren 16an burututakoa, izandako arrakasta ikusita, klub zuri-moreak esperientzia errepikatuko du.  Aurrekoan bezala, oraingo honetan ere hitzordua Mojategin izango da, 10:30eatik aurrera, eta bertan klub zuri-moreko kideek Leintz Eskola Kirolaren laguntza izango dute.  Izena emateko 676 93 83 04 telefonora deitu beharra dago eta Julenengatik galdetu.


Asteburuko kartelera


Seniorrek bezala, bai kadeteek eta baita infantilek ere -federatutakoek zein eskola mailakoek-, zapatuan jokatuko dute.  Gaztedirekin taldea partekatzen duten 18 eta 16 urtez azpikoek Errioxa izango dute aurkari Lakuan, 10:15 eta 11:30ean, hurrenez hurren.  14 urtez azpikoak Donostiara joango dira, eta Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatzen duten taldeari egingo diote aurre goizeko 11:00etatik aurrera Landaren.  Azkenik, Leintz Eskola Kiroleko kideen laguntzarekin, zapatuan errugbi saioa burutuko da Oñatiko Larraña zelaian goizeko 9:30eatik aurrera, eta bertara Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak egongo dira gonbidatuta.



Selekzioa Mojategin


Klubeko talde guztiak etxetik kanpo arituko badira ere, Mojategik hitzordu garrantzitsua izango du asteburu honetan, zapatuan 18 urtez azpiko Euskal Selekzioko neskak arituko baitira bertan.  Entrenamendu saioa goizeko 9:30ean izango da, apirilaren 18an hasiko den Txapelketa Autonomikoa prestatze aldera.  Bertan, Valentzia eta Andaluzia izango dira konbinatu euskaldunaren aurkariak.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak