Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Hernaniarrak nagusitu dira Zazpinako Errugbi txapelketan

Seven Txapelketa (2010/06/06). Ostegunean eman zioten hasiera Garagardoaren festari Arrasate Rugby Taldekoek eta atzo, festa borobiltzeko, zazpiko errugbi txapelketa izan zen Mojategin arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Harmailetan giro polita izan zen eta jende asko hurbildu zen errugbi partiduak ikustera. Hamabigarren txapelketa izan zen atzokoa eta gizonezko zortzi taldek eta emakumezko hiruk hartu zuten parte. Gizonezkoetan Cadillac (Frantzia), Eibar, Hernani, Ordizia, Elorrio, Bera-Bera, Uribealdea eta Arrasateko taldeak izan ziren jokatzen; eta emakumezkoetan, Eibar, La Unica eta Arrasateko taldeak.

Arratsaldeko lehen orduetan bero galanta egin zuen eta jokoan ere nabaritu zen hori. Arratsaldeak aurrera egin ahala, baina, giroa freskatu zen eta jokatuko ziren partiduentzat ona izan zen hori. Azkenean, esan bezala, Hernaniko taldea nagusitu zen mutilen txapelketan. Ramon Barrutia Arrasate Rugby Taldeko presidenteak adierazi duen moduan, “Hernanik dauka talderik onena”, eta Espainiako zazpiko txapelketan jokatzen duen taldea ekarri zuten Arrasatera. Emakumezkoetan, bestealde, eibartarrak nagusitu ziren eta oso pozik azaldu ziren hauek ere.

Arratsaldeko 21:00ak aldera egin zuten opari eta sari ezberdinen banaketa Herriko Plazako karpan. Ordurako jende ugari zegoen bertan garagardoak hartzen eta afaltzen. Lehenengo, talde bakoitzari oroigarri bat eman zioten eta gero, aurtengo denboraldiko Arrasate Rugby Taldeko jokalaririk onenei eman zieten saria: Leire Zabala eta Beñat Salaberriri, alegia. Zazpiko txapelketako bi jokalari onenei ere eman zieten saria eta hauek La Unica taldeko Amaia Beristain eta Hernaniko taldeko Igor Genua izan ziren.

K.C. - MONDRABERRI

Babesleak