Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Urrezko garaipena ekarri du El Fangotik Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/02/15).

Urrezko garaipena ekarri dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Bizkaia aldetik, El Fangon Bilboko Unibertsitario B talderen kontra jokatutako partiduan 21-27ko emaitzarekin nagusitu eta gero.  Arrasatearrak aurretik joan dira markagailuan atsedenaldira, 7-14ko emaitzarekin, eta aldageletatik bueltan alde hori handitzeko gai izan dira.  Etxekoek sekula ez dute amorerik eman, baina Barrutiaren mutilek egungo liderra zergatik diren argi eta garbi utzi dute.

Aurreikusten zen bezala, parekotasuna erabatekoa izan da lehenengo zatian, halere, 10. minutua bete baino lehen  aurrea hartu du markagailuan Kanpanzar Arrasatek.  Gontzak entsegua egin eta, ondorengo transformazioan, Arizaletak asmatu egin du baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Gauzak horrela, 0-7koa igo da markagailura.  



Esan bezala, indarrak parekatuta egon dira oso aurreneko 40 minutuetan eta, horren adierazgarri, markagailua azken txanpara arte mugitu ez izana.  Lehenengo zatia amaitzeko lauzpabost minuturen faltan Abarrategik bisitarien bigarren entsegua lortu du, eta oraingo honetan ere Arizaletak ez du hutsik egin.  Bazirudien 0-14rekin joango zirela bi taldeak aldegeltara baina, azken unean, Uni Bilbok sarrailagileen aldea murriztu egin du (7-14).

Bigarren zatiari ezin hobeto ekin dio Kanpanzar Arrasatek, hasi eta berehala Arizaletak bisitarien aldea handitu egin baitu zuri-moreen hirugarren entsegua lortuz (7-19).  Jaurtitzaile arrasatearrak oraingo honetan ez du asmatu transformazioa gauzatzerako orduan, baina handik minutu gutxira zigor kolpea zutoinen artera bidali eta 7-22koa ezarri du markagailuan bigarren zatiko ordu laurdena oraindik bete barik zegoela.

Abantaila horrekin bazirudien Barrutiaren mutilek partidua bideratuta zutela, baina bilbotarrek ez dute amorerik eman, eta arratsaldeko bigarren entsegua lortuz berriro ere partiduan sartu egin dira (14-22).  10 minutu beranduago Potatok lortutako entsegu berri batek nolabaiteko lasaitasuna eman die berriro ere zuri-moreei (14-27), baina pozak ez du luzaroan iraun, etxekoek berehala erantzun baitute 21-27koa lortuz.  Hortik aurrera tentsioa eta urduritasuna nagusi baina, zorionez, azkenean garaipena sarrailagileentzat.

Esan bezala, garrantzitsua oso El Fangon zapatu honetan Kanpanzar Arrasatek lortutako garaipena, mailaz igotzeko sarrailagileen aurkari zuzena baita Bilboko Unibertsitario B.  Lehen itzulia amaitzeko partidu bakarraren faltan Arrasateko taldeak bere jarraitzaileekiko aldea handitu egin du, eta etorkizunari baikortasunez begiratzeko moduan da.  Hiru jardunaldi jarraian etxetik kanpo aritu ostean, datorren asteburuan zaleen aurrean jokatuko du Kanpanzar Arrasatek.  Barrutiaren mutilek sailkapenaren erdialdean kokatuta dagoen Zornotzako hartuko dute Mojategin, orain arteko bolada ezin hobeari jarraipena emateko asmoarekin.

Senior UniBilbao-ART

ISEI BARBERO - Argazkiak: Iñigo Arriaran

Babesleak