Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Garaitezin amaitu du lehen itzulia Kanpanzar Arrasatek

Seniorrak (2020/03/01).

Asteburu honetan igoera faseko lehen itzuliko azken jardunaldia jokatu da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek hirugarren sailkatu Zornotzakori egin diote bisita.  Espero zen moduan, indarrak parekatuta egon dira zenbait unetan baina, zorionez, azkenean Julen Barrutiaren mutilek eskuratu dute garaipena.  Atsedenaldira 3-26ko emaitzarekin joan dira bi taldeak eta, bigarren zatiko gorabeheren ostean, azken emaitza 11-45 izan da arrasatearren alde.

Norgehiagoka parekatuta egon da aurreneko 40 minutuetan, halere, 10. minutua betetzear zela, Andoniren entsegua eta Aritzaletaren transformazioarekin 0-7 aurreratu da markagailuan Kanpanzar Arrasate.  Bost minutu beranduago Abarrategik bisitarien aldea handitu egin du (0-12) eta, ordu erdia betetzean, etxekoek aldea murriztu dute zigor kolpe baten bitartez (3-12).  Lehen zatiaren azken txanpan, baina, eta hasierako protagonista berberekin, 3-19koa igo da markagailura. Atsedenaldira joan aurretik Kanpanzar Arrasatek abantaila handitu egin du 3-26raino, Aritzaletaren entsegu eta transformazioari esker.

Bigarren zatian ere bisitarien nagusitasuna erabatekoa izan da, etxekoak aurreneko ordu laurdenean partiduan berriro ere sartu badira ere zigor kolpe berri bat eta entseguari esker (11-25). Portalo, Salaberri eta Oxelen entseguek,  ordea, Aritzaletaren pare bat transformazioekin, arrasatearren garaipena ziurtatu dute (11-45).

Gauzak horrela, eta sailkapen fasean egin bezala, garaipenen plenoarekin itxi du lehen itzulia Kanpanzar Arrasatek.  Sarrailagileek denboraldi honetan jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi dituzte eta, igoera fasearen erdia jokatuta dagoen honetan, jada 24 puntu dituzte patrikan, bigarren sailkatu Bilboko Unibertsitario B taldearekiko abantaila zortzi puntukoa dela.

Esan beharra dago honezkero Barrutiaren mutilek igoera faseko alderik aldapatsuena egina dutela, geratzen diren bost partiduetatik bakarra jokatuko baitute etxetik kanpo, datorren asteburuan Iruñearen kontra jokatu beharrekoa, hain justu ere.  Horren ostea multzoko beste la taldeek bisitatuko dute Mojategi:  Baztan, Zarautz B, Bilboko Unibertsitario B eta Zornotzako.  Euskal Ligako 1. Mailara itzultzeko atzerako kontaketa martxan da jada!!! 

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ane Agirre

Babesleak