Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Ramon Barrutia buru duen “Aurrera begira” lantaldeak zuzenduko du Arrasate Errugbi Taldea

Arrasate R.T. (2020/07/04).

Ramon Barrutia buru duen “Aurrera begira” lantaldeak zuzenduko du Arrasate Errugbi Taldea datozen urteetan, klub zuri-morearen hauteskundeetara aurkeztu den hautagaitza bakarra izan baita.  Gauzak horrela, eta  bazkideek pasa den asteleheneko Ohiko Batzar Orokorrean adostutakoari jarraituz, ART-ren hauteskunde prozesua bere amaierara heldu da bozketaren beharrik gabe.

Barrutia da Arrasate Errugbi Taldeko zuzendaritza berriaren aurpegi ezagunena, urteetan eta urteetan klubeko bulegoetan buru-belarri lanean aritzeaz gain, presidente izandakoa ere baita.  Berarekin batera Kanpanzar ART-ko jokalari Beñat Salaberri, Ihabar Arriaran eta Unai Suinaga izango dira lantaldean, baita Xabier Gardoki kapitaina ere.  Belen Aranbarri eta Asier Urgoitia  dira beste lankideetako batzuk, hala nola Javier Mar eta Elene Ansola medikuak, Herensugeak beteranoen taldeko jokalari Igor Otadui, senior mailako entrenatzaile Julen Barrutia, eta baita zenbait jokalarien gurasoak ere, Bittor Majon eta Alex Barañano, esaterako.

“Aurrera begira” lantaldearen helburuen artean, kirol arloaren antolakuntza hobetzea dago, “staffa bateratuz kirol-zuzendaritza batean, irakaskuntza-baliabideak emanez eta entrenatzaileen jarduera koordinatzeko Julen Barrutia Zuzendari Tekniko bezala izendatuz”. Emakumezkoen errugbia sustatu, harrobia bultzatu ikastolekin elkarlanean edota beteranoen taldeari garrantzi gehiago ematea dira Barrutia eta konpainiaren beste erronketako batzuk.

Klubaren antolakuntzan ere hobekuntzak egitea da euren asmoa, “gurasoen parte hartzea sustatuz eta bakoitzaren eginbeharrak organigraman finkatuz”. Errugbi inklusiboari, “iazko esperientzia arrakastatsuaren ostean”, jarraipena ematea ere dute jomugan.

- ART-aurrera begira.pdf

ISEI BARBERO - Argazkiak: R. Barrutia

Babesleak