Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

“Sentsazio onak” Kanpanzar Arrasateren aurreneko lansaioetan

Seniorrak (2020/09/16).

Iraila hasieran ekin zioten aurre-denboraldiari Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek eta, orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, talde zuri-moreko entrenatzaile Julen Barrutiak sentsazioak “oso onak” izan direla dio.  Orotara 25 jokalari inguru aritu dira jo eta su lanean Mojategin orain arte burututako 10 entrenamenduetan eta, Covid-19aren osasun krisiak eragindako zailtasunak zailtasun, teknikari sarrailagileak “bide onetik” doazela dio.

Oraindik fitxak tramitatu barik baldin badaude ere, Barrutiak iazko jokalari kopuru bera izatea espero du.  Beste urtebetez, beteranoenen artean Xabi Gardoki kapitaina izango da, zalantza izpirik gabe gaztea den oso taldeari esperientzia puntu hori emango diona.  Orain arte entrenatzen aritu diren zakur zahar hauen artean ere “Potato” eta Lezamiz daude, “dena den, ez dakigu azkenean jokatzera animatuko diren”, onartzen du Barrutiak.

Esan bezala, salbuespenak salbuespen, Kanpanzar Arrasatek iazko denboraldi arrakastatsuaren blokeari eutsiko dio, non jokatutako partidu guztiak irabazi zituzten Euskal Ligako 1. Mailarako txartela eskuratuz.  Jokalari berriekin topo egiteko beste behin harrobira jo beharra daukagu, hiru kadete igoko baitira 18 urtez azpiko kategoriatik:  Iraitz Arriaran atzelaria, eta Urko eta Paulo aurrelariak. 


Aurre-denboraldian burututako lansaioetako bat.

Pasa den urteko bolada paregabe horrek utzitako zapore goxoa taldearen indargune nagusitzat jotzen du Kanpanzar Arrasateko entrenatzaileak.  Ahulguneei dagokionez, berriz, Covid-19aren geldialdiak eragindakoak direla dio Barrutiak:  “Jokalariek oraindik erritmo falta dute, hilabete hauetan guztietan entrenatu arren, partidurik jokatu ez baitute”.

Erritmo falta hori “pixkanaka-pixkanaka” gainditzeko itxaropentsu ageri da Barrutia, nahiz eta entrenamenduetan hartu beharreko segurtasun neurriek hori erabat ez ahalbidetu.  Izan ere, orain arte ART-ko seniorrek egindako lansaioetan bakarkako lana burutu dute, “partiduetako erritmo eta norabide aldaketei ohitzen joateko ariketa fisikoekin, horrek lesio asko eragiten baititu”.  Horretaz gain, jokalariek euren kabuz ere indarra lantzen dihardute, esan bezala, oraindik finkatu gabe dagoen liga hasierara egoerarik onenean heltze aldera.  

Jokalariak motibatuta eta gustura ikusten ditut, baina ziur asko liga hasiera noiz den konfirmatzean oraindik motibatutako egongo direla”, dio Barrutiak.  Zentzu honetan, asteak aurrera joan ahala kluba normaltasuna berreskuratzen doa, aste honetan 16 urtez azpikoak entrenatzen hasi baitira, eta datorren astean Arrasate Errugbi Taldearen baitan dagoen neska taldearen txanda izango da, astearte eta asteazkenetan 19:30ean.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Ander Arizaleta

Babesleak