Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

ART-ko nesken taldea ere lanean ari da jada

Neskak (2020/09/28).

Irailaren 21ean, astelehena, burutu zuen aurreneko lansaioa Arrasate Errugbi Taldeak sortu berri duen nesken ekipoak.  Mojategin 20 neskatik gora bildu ziren -16 urtez azpikoak barne- eta, klubeko kirol zuzendari Julen Barrutiaren gidaritzapean, askok aurreneko hartu-emana eduki zuten errugbiarekin.  Izan ere, Barrutia berak aditzera eman duen bezala, jokalari gehienak hasiberriak dira:  “Denetatik dago, beste diziplina batzuetan aritutakoak, kirola sekula praktikatu ez dutenak, eta bateren bat ere egon badago errugbian jokatu izan duena”.

Testuinguru honetan, errugbian ikasi nahi duen edozein neskak aukera paregabea du orain Arrasate Errugbi Taldearen eskutik, kirol honen nondik norakoak ikastea baita nesken talderako ART-k finkatu duen aurreneko erronka;  “ikastea eta, noski, entrenatzen ondo pasatzea ere”, gaineratzen du Barrutiak.  Izan ere, Covid-19aren osasun krisia dela eta, errugbi taldeek ez dakite oraindik txapelketak noiz jarriko diren martxan, Euskadiko Errugbi Federazioak ez baitu horren berri eman oraindik, eta nesken kategoria ez da salbuespena.

Gauzak horrela, une aproposa da oraingoa taldeak aurreneko pausuak emateko eta, esan bezala, baita nahi duenak errugbiarekin aurreneko harremana izateko.  Zentzu honetan, Arrasate Errugbi Taldeak deia luzatzen die neska guztiei Mojategira gerturatu eta errugbiaren nondik norakoak ikasteko.  Taldeak bi egunetan entrenatzen du:  astelehen eta asteazkenetan, 19:30eatik aurrera.

Behinik behin bada ere, Barrutia bera arduratzen ari da nesken taldearen entrenamenduetaz.  Epe ertainera begira, eta errugbi txapelketak martxan jarriko balira, klubaren asmoa ekiporako entrenatzailea topatzea litzateke, “nahiz eta lan hori errugbiaren munduan oso zaila izan”, onartzen du Barrutiak.  Arrasate Errugbi Taldeak orain direla hainbat urte nesken taldea eduki zuen, eta hori berreskuratzea da klubeko Zuzendaritza berriak finkatu duen erronketako bat.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Julen Barrutia

Babesleak