Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Euskal Ligak urtarrilean hastea aurreikusten du Federazioak

Seniorrak (2020/11/15).

Iragan ostiralean, hilak 13, bere webgunean kaleratutako oharrean Euskadiko Errugbi Federazioak iragarri du “litekeena dela” Euskal Ligak urtarrilean abiaraztea, “betiere egungo osasun egoerak hori ahalbidetzen badu”.  Aditzera eman dutenez, “denboraldian zehar Covid-19aren ondorioz gerta daitezkeen gorabeherei aurre egin beharko diegu, eta erakunde ezberdinetatik datozen betebeharretara egokitu”.  Jokalarien segurtasuna bermatzea lehentasuna izango dela azpimarratu dute eta, “txapelketa behar den moduan garatzeko, guztiok arduratsu jokatzea  ezinbestekoa izango da”.  

Gauzak horrela, Euskadiko Errugbi Federazioko Zuzendaritza Batzordeak hilaren 4an burututako bilera telematikoan eskenatoki ezberdinak zehaztea adostu zuen eta, hauen baitan, ligen hasiera urtarrilerako finkatu.  Horretarako, bere webgunean kategoria bakoitzari dagokion balizko egutegiak eskegi ditu, “klubek informazio hori eskuartean izan dezaten eta, aurrerago, eurekin xehetasun guztiak zehazteko”.

Testuinguru honetan, Euskadiko Errugbi Federazioak Eusko Jaurlaritzako 36/2020 dekretua urriaren 26koa ekartzen du gogora, non bakarrik mailarik goreneko txapelketak jokatzea zehazten den.  Era berean, partidu eta txapelketen Arautegiko 5. artikuluak dioena ere azpimarratzen dute, horren arabera “ezohiko egoera baten aurrean Euskadiko Errugbi Federazioak denboraldia moldatu, mugatu edo bertan behera uzteko eskubidea” baitu.


“B” multzoan


Aipatutako balizko egutegi horretan, Kanpanzar Arrasate Euskal Ligako 1. Mailako “B” multzoan arituko litzateke, ondorengo taldeekin lehiatuz:  Durango, Sarako Izarra, Elorrio eta Txingudi.  Behin behineko egutegi honen arabera lehen jardunaldia urtarrilaren 3an jokatuko litzateke, eta honen baitan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Txingudiri egingo lioke bisita.  

10 jardunaldiz osatutako ligaska hau jokatu eta gero multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek finalerdiak jokatuko lituzkete eta, ondoren, finala eta 3. eta 4. postua ezartzeko baliagarria litzatekeen partidua.  Gainontzeko taldeek beste ligaska bat jokatuko lukete euren artean, amaierako sailkapena ezartzeko baliagarria.  “A” multzoan ondorengo taldeak egongo lirateke:  Atletiko San Sebastian/Hernani, Errioxa, Getxo “B”, Gernika/Arratiko, Bera Bera “B” eta Uni Bilbo “B”.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak