Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Elurpean eta porrotarekin estreinatu du denboraldia Kanpanzar Arrasate-Ordiziak

Seniorrak (2021/01/09).

Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz hilabete luzez lehiatu barik egon ostean, zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek berriro ere salto egin dute berdegunera.  Euskal Ligako 2020-2021 denboraldia asteburu honetan jarri da martxan eta, estreinaldiko jardunaldi honetan eta Ordiziarekin ekipoa partekatuz, Julen Barrutiaren mutilek Durangori egin diote aurre Mojategin.  Elurpean eta zaleen presentziarik gabe jokatu den norgehiagokan bizkaitarrak hobeto aritu dira, eta atsedenaldira 0-12ko abantailarekin joan ostean, azkenean 5-38 irabazi dute.

Hobeto sartu dira partiduan durangarrak, eta hasierako minutuetan etxeko taldea bere zelaian sartuta eduki dute.  Gauzak horrela, 20. minutuan irabazitako toucharen ostean, bisitariek Kanpanzar Arrasate-Ordiziaren entsegu marrara heldu eta aurrea hartu dute.  Ondorengo transformazioan ez dute hutsik egin eta, honenbestez, 0-7koa igo da markagailura.  

Kolpe horren ostean etxeko taldea suspertu egin da, eta erasora jo du.  Ordura arte zuri-moreak euren zelaian sartuta egon direnak izan badira, ordutik aurrera bizkaitarren entsegu eremua izan da arriskuan egon dena.  Zoritxarrez, etxekoen entsegurik ez da heldu eta, aitzitik, Durango izan da bere abantaila handitu duena, atsedenaldia ate-joka zela lortutako bigarren entseguari esker.

Aldageletatik bueltan partiduko gidoia ez da aldatu, eta Durango berriro ere Kanpanzar Arrasate-Ordizia baino hobeto aritu da.  Barrutiaren mutilak gai izan dira entsegu bat egiteko baina, esan bezala, bisitariak asko ere gehiago izan dira bigarren zatian eta, horren adierazgarri, amaierako emaitza:  5-38 bizkaitarren alde.

Gauzak horrela, porrota Kanpanzar Arrasate-Ordiziaren estreinaldiko norgehiagokan.  Datorren asteburuan etxetik kanpo arituko dira arrasatearrak eta goierritarrak, Errioxari egingo baitiote bisita.  Atletiko San Sebastian/Hernani, Gernika, Uni Bilbo, Bera Bera B, Sarako Izarra eta Txingudi izango dira Barrutiaren mutilek aurrean edukiko dituzten beste taldeak apirilera arte luzatuko den ligaska honetan.  Ondoren, aurreneko bost sailkatuek euren artean neurtuko dituzte indarrak ligaska berri batean,  eta gauza bera egingo dute azkeneko lau sailkatuek.

ISEI BARBERO - Bideoa: Igor Otadui

Babesleak