Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Errioxaren kontrako norgehiagoka atzeratuta geratu da

Seniorrak (2021/01/13).

Iragan asteburuan Euskal Ligako estreinaldiko jardunaldian Durangoren kontra Mojategin porrota jaso ostean, bizkaitarrak 5-38 nagusitu ziren, Logroñon jokatu behar zuten aste honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Errioxarren kontrako lehia, baina, atzeratuta geratu da.  Izan ere, osasun egoera dela eta, Errioxako Gobernuak oraindik ez du baimenik eman kirol jarduera burutzeko -errioxarrek ezin dute ez entrenatu ezta partidurik jokatu ere- eta, ondorioz, aipatutako partiduak itxaron beharko du.

Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz hilabete luzez lehiatu barik egon ostean Euskal Ligak berriro ere martxan jarri ziren iragan asteburuan eta, honen baitan, Kanpanzar Arrasate-Ordiziak –horrela izango da goierritarrekin batera partekatutako taldearen izena aurrerantzean- salto egin zuen berriro ere berdegunera.  Zoritxarrez, debuta ez zen amestutakoa izan, eta Mojategin bisitari izan zen Durangok bere nagusitasuna erakutsi zuen arrasatear eta goierritarren aurrean.  

Hala eta guztiz ere, dena ez zen negatiboa izan, norgehiagoka ostean Julen Barrutia pozik agertu baitzen bizi izandako esperientziarekin:  “Gaurkoan garrantzitsuena berriro ere lehiatzeko aukera eduki izana izan da, nahiz eta emaitza aldekoa ez izan”.  Entrenatzaile zuri-moreak ordiziarren eta arrasatearrean artean “konplizitate falta” igarri egiten zela onartu bazuen ere, baikor agertu zen, “entrenamendu eta partiduak bete ahala taldearen jokoak eta erritmoak hobera egingo baitu”.

Jardunaldi bat jokatuta Durango da liderra bost punturekin; aitzitik, Kanpanzar Arrasate-Ordizia azken postuan dago.  Durango eta Errioxarekin batera Atletiko San Sebastian/Hernani, Gernika, Uni Bilbo, Bera Bera B, Sarako Izarra eta Txingudi izango dira Kanpanzar Arrasate-Ordiziak aurrean edukiko dituen beste taldeak apirilera arte luzatuko den ligaska honetan.  Ondoren, aurreneko bost sailkatuek euren artean neurtuko dituzte indarrak ligaska berri batean,  eta gauza bera egingo dute azkeneko lau sailkatuek. Aipatu beharra dago aurten inork ez duela kategoria galduko.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak