Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Otsailaren 7ra arte ez du berriro lehiatuko Kanpanzar Arrasate-Ordiziak

Seniorrak (2021/01/18).

Euskal Ligako bigarren jardunaldiaren baitan Errioxaren zelaian jokatu beharreko partidua atzeratuta geratu ostean, bertako Gobernuak oraindik ez du kirol jarduerak burutzeko baimenik eman, hirugarrenean atsedena izango dute Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Gauzak horrela, otsailaren 7ra arte ez du berriro lehiatuko Kanpanzar Arrasate-Ordiziak.  Sarrailagileek eta goierritarrek Uni Bilbo hartuko dute Mojategin 4. jardunaldian eta, bertan, ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Bi jardunaldi jokatuta azken sailkatuak dira Julen Barrutiaren mutilak, estreinaldiko jardunaldian, orain arte jokatutako partidu bakarrean, Durangoren kontra galdu eta gero oraindik punturik eskuratu ez dutela.  Sarako Izarra da egungo liderra bederatzi punturekin, eta hauen atzetik Durango eta Txingudi datoz bosna puntura berdinduta.  Bera Berak lau puntu ditu eta, Kanpanzar Arrasate-Ordizia bezala, Errioxa, Uni Bilbo eta Atletiko San Sebastian/Hernani oraindik punturik eskuratu barik daude.


Harrobia berriro ere martxan


Agintariek argi berdea eman ostean, Arrasate Errugbi Taldeak bere ohiko jarduerari berrekin dio, horretarako beharrezkoak diren segurtasun neurriak betez.  Gauzak horrela, klub zuri-moreko ekipo guztiak entrenatzen hasiko dira eta, aurrenekoak, gaztetxoenak izan dira.  Izan ere, eskola kiroleko aurreneko jardunaldia burutu da Mojategin domeka honetan, eta esan beharrik ez dago berdegunera salto egin duten neska-mutikoek primeran pasa dutela.

Osasun egoerak ahalbidetzen duen bitartean astero-astero entrenatu dugu eta, ligak martxan jarriz gero, saiatuko gara jokalariei lehiatzeko aukera ematen”, adierazi du zuzendaritzatik.  Ohi bezala, lansaioak asteartea eta ostegunetan burutuko dira Mojategin:  16 eta 14 urtez azpikoak 17:30ean hasita, eta pare bat ordu beranduan (19:30) senior eta 18 urtez azpikoak.  Nesken taldeak, aldiz, astelehen eta asteazkenetan entrenatuko du, 19:30ean hasita;  azkenik, eskola kirola eta errugbi inklusiboko saioak domeketan burutuko dira.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak