Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Arrasatearren ordezkaritza zabala Ordizian

Seniorrak (2021/01/21).

Ordizia Errugbi Elkarteko 23 urtez azpiko taldeak arrasatearren ordezkaritza zabala izan zuen, hilaren 16an, Burgosen kontra jokatutako lagunarteko partiduan.  Izan ere, norgehiagoka horretan Arrasate Errugbi Taldeko bost jokalari aritu ziren goierritarren elastikoa defendatzen:  Danel Argoitia, Asier Delgado “Bobi”, Unai Suinaga, Andoni Narbaiza eta Joseba Santa Cristina.

Jakina denez, eta aurtengo “ezohiko” denboraldian errekurtsoak partekatze aldera, Arrasate Errugbi Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Ordizia Errugbi Elkartearekin Gabon inguruan.  Testuinguru honetan, Euskal Ligaren estreinaldiko jardunaldian zenbait goierritar aritu ziren Mojategin elastiko zuri-morea defendatzean Durangoren kontrako norgehiagokan, eta gauza bera gertatu zen Arrasate Errugbi Taldeko jokalariekin Ordiziaren 23 urtez azpiko taldeak Burgosen kontra jokatutako lagunarteko partiduan.

Azpimarratu beharra dago, aipatutako hitzarmena sinatu aurretik, Argoitiak goierritarren deia jaso zuela aurtengo denboraldian Ordizian jokatzeko.  Arrasatearraren erantzuna baiezkoa izan zen eta, hortaz, aurten ordiziarren jokalaria izango da, partidu ofizialetan ere elastiko gorria defendatuko duela.  Gainontzekoek, denboraldian zehar bestelako erabakirik hartu ezean, lagunarteko norgehiagoketan parte hartzeko aukera izango dute soilik.


Ezkerretik hasita:  Argoitia, Narbaiza, Santa Cristina, "Bobi" eta Suinaga.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Belen Aranbarri

Babesleak