Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Atzeratuta geratu da Kanpanzar Arrasate-Ordizia eta Uni Bilboren artekoa

Seniorrak (2021/02/03).

Larunbat honetan jokatzekoa zen Kanpanzar Arrasate-Ordizia eta Uni Bilboren artekoa, Euskal Ligako 4. jardunaldiari dagokion norgehiagoka zapatu arratsalderako deituta zegoen Altamiran, 16:00etatik aurrera.  Talde bilbotarraren inguruan izan diren Covid kasuak tarteko, eta bi taldeetako jokalarien osasuna babeste aldera, alde biek norgehiagoka astebete atzeratzea adostu dute.  

Julen Barrutiaren mutilek bi aste daramatzate lehiatu barik;  Uni Bilbok, ordea, La Unicaren kontra neurtu zituen indarrak pasa den asteburuan.  Antza denez, iruindarren artean Covid kasuren bat izan da eta, esan bezala, babes neurri gisa eta PCR frogen emaitzak jaso bitartean, Kanpanzar Arrasate-Ordiziak eta Uni Bilbok partidua datorren astean jokatzea adostu dute, hasiera batean deituta zegoen leku eta ordu berean.

Partidu bakarra jokatuta eta punturik gabe dago une honetan Kanpanzar Arrasate-Ordizia, sarrailagileek estreinaldiko partiduan amore eman behar izan baitzuten Durangoren kontra 5-38 galdu ostean.  Orduz geroztik Barrutiaren mutilek ez dute neurketa gehiagorik jokatu, Errioxaren kontrako lehia –komunitate horretako Gobernuak oraindik ez duelako kirol jarduera burutzeko baimenik eman- atzeratuta geratu zen,  eta iragan astean atsedenaldia izan baitzuten.

Uni Bilbo antzerako egoeran dago, arrasatearrak eta goierritarrak bezala, bilbotarrek oraindik ez baitute punturik eskuratu.  Lehen jardunaldian, etxean eta Bera Bera B-ren kontra, 3-11 galdu zuten.  Handik astebetera Durangon jokatu beharreko partidua bertan behera geratu zen eta, pasa den asteburuan, Errioxaren kontra El Fagon jokatu beharrekoa ere atzeratu egin zuten, aurretik aipatutako arrazoi berdinarengatik.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak