Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Liderrak bisitatuko du Mojategi zapatuan

Seniorrak (2021/02/18).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek kategoriako lider Sarako Izarrari egingo diote aurre asteburu honetan; partidua zapatuan izango da Mojategin, eguerdiko 12:30ean hasita.  Azpimarratzekoa da Iparralden jokatzekoa zela norgehiagoka hau, baina Covid-19aren ondorioaz Gobernuak ezarritako murrizketak direla medio –Kanpanzar Arrasate-Ordiziak ezin du muga zeharkatu-, bi taldeek partidua Arrasaten jokatzea adostu dute.

Honenbestez, berriro ere etxean arituko dira Julen Barruiaren mutilak, denboraldiko lehenengo partidua Durangoren kontra Mojategin eta, bigarrena Uni Bilboren aurka, Altamiran, jokatu ostean.  Ez da hitzordu samurra izango zuri-moreentzat, kategoriako lehen sailkatua baita Sarako Izarra.  Iparraldekoek orain arte jokatutako bi partiduak aise irabazi dituzte, estreinaldikoa etxean Txingudiren aurka 25-5eko emaitzarekin, eta urtarrilaren erdialdean 20-41 Bera Bera B-ren zelaian.  Orduz geroztik ez dute neurketa gehiago jokatu, Durango eta Errioxaren kontrako lehiak atzeratuta geratu baitira.

Gauzak horrela, exijentzia handiko hitzordua zapatu honetan Barrutiaren mutilek izango dutena.  Kanpanzar Arrasate-Ordiziak orain arte jokatutako bi partiduak galdu ditu, baina iragan asteburuan Altamiran eskainitako irudiak nabarmen egin zuen hobera.  Testuinguru honetan, orain hobekuntza hori puntuetan bilakatzea izango da erronka.  Zaila bada ere, Sarako Izarraren kontra aurrerapauso hori ematea ez da ezinezkoa izango.

Aurrekoetan bezala, eta Gobernuak ezarritako arauak betez, ez da zaleen presentziarik izango Mojategiko harmailetan.  Era berean, Arrasate Errugbi Taldeak bete beharreko protokolo guztiak ezarriko ditu zapatu eguerdiko norgehiagokarako.


Mojategin jokatutako partidu bateko irudia.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak