Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Altamiran ligako lehenengo garaipena bilatuko du Kanpanzar Arrasate-Ordiziak

Seniorrak (2021/03/01).

Iragan asteburuan, lesioen ondorioz, atzeratutako partidua jokatuko dute larunbat honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Sarrailagileek, Ordiziako jokalariekin batera, Atletiko San Sebastianek eta Hernanik partekatutako taldeari egingo diote aurre Altamiran, 18:30eatik aurrera.  

Kanpanzar Arrasate-Ordiziak oraindik ez du partidurik irabazi aurtengo ligan, honenbestez, ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko du zapatuan.  Astetik astera Julen Barrutiaren mutilen jokoak nabarmen egin du hobera eta, testuinguru honetan, orain direla 15 egun Sarako Izarraren kontra Mojategin jokatutako neurketan denboraldiko aurreneko puntua urratu zuten.  Gauzak horrela, asteburu honetan aurrerapauso berri bat ematen ahaleginduko dira Arrasate eta Ordiziako mutilak.


Orain direla bi denboraldi Atletiko San Sebastian/Hernaniren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Esan bezala, aurrean partekatutako beste talde bat izango dute:  Atletiko San Sebastian/Hernani.  Donostialdekoek lau puntu dituzte patrikan, orain arte jokatutako hiru partiduetatik bat irabazita.  Estreinaldiko jardunaldian nagusitu ziren gipuzkoarrak, etxean Gernika 19-11 mendean hartuta.  Beste bi partiduetan amore eman behar izan dute, 31-12 Txingudiren zelaian eta 12-33 Bera Bera B etxean hartuta.

Honenbeste, antzerako egoeran dauden bi aurkari izango dira aurrez aurre Altamira zapatu arratsaldean.  Kanpanzar Arrasate-Ordiziaren ibilbideak, esan bezala, hobera egin du azken asteetan, hortaz, hitzordu honetara zuri-moreak nolabaiteko abantailarekin heltzen direla esan daiteke.  Ikasturteko aurreneko garaipena poltsikoratzea izango da erronka nagusia.  

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak