Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Gernikan estropezu egin du Kanpanzar Arrasate/Ordiziak

Seniorrak (2021/03/14).

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan diote bolada onari jarraipena eman, eta esku hutsik bueltatu dira asteburu honetan Bizkaia aldetik.  Julen Barrutiaren mutilek aukera zuten sailkapenean aurrerapauso berria emateko Urbietan garaipena eskuratuz gero baina, zoritxarrez, Gernikaren bigarren taldea nagusitu zen merezimendu osoz, amaierako emaitzak erakusten duen moduan:  42-0.

Min hartutako jokalariak zirela medio, Barrutiak 18 gizon baino ez zituen izan bere aginduetara zapatuan Urbietan.  Hori gutxi balitz, partidua hasi eta berehala Xabi Narbaizak ere zelaia utzi behar izan zuen min hartuta, eta teknikari zuri-moreak joko sistema aldatu behar izan zuen.  Emaitza, baina, ez zen esperotakoa izan, eta atsedenaldira 29-0eko desabantailarekin joan zen Kanpanzar Arrasate/Ordizia.


Zapatuan Urbietan jokatutako partiduaren irudia.

Bigarren zatian ere Gernika B hobeto aritu zen, zelaia ondo okupatuz eta joko ordenatua garatuz.  Nahiz partidua maldan gora egon Barrutiaren mutilek ez zuten besoak jaitsi, eta borrokatzen jarraitu zuten amaierara arte.  Partiduaren azken txanpan etxekoek beste bi entsegu lortu zituzten eta, esan bezala, amaierako emaitza 42-0 izan zen.

Porrota jaso arren, Kanpanzar Arrasate/Ordiziako entrenatzailea pozik agertu zen norgehiagoka ostean bere jokalariek erakutsitako jarrerarekin:  “Azken unera arte ekipoak borrokatzen jarraitu du, nahiz eta jakin markagailua iraultzea ia ezinezkoa zela, eta hori txalotzeko modukoa da; gaurkoan hori izan da positiboena”.  Hurrengo asteburuan ez da liga jardunaldirik izango, eta bi aste barru Txingudi hartuko du Mojategin Kanpanzar Arrasate/Ordiziak .


Infantilen porrota


Zapatu goizean Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoek partidua jokatu zuten Mojategin, goizeko 11:00etatik aurrera.  Ez zen Asier Delgado eta Unai Suinagak zuzentzen duten taldearen egunik onena izan, bisitari izan zen Mutrikuk eraman baitzuen garaipena Arrasatetik, jipoia emanda, gainera.  Azken emaitza 0-105 izan zen mutrikuarren alde.

ISEI BARBERO - Argazkiak: Belen Aranbarri

Babesleak