Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Txingudiren kontrako partidua atzeratuta geratu da

Seniorrak (2021/03/24).

Gernikatik esku hutsik bueltatu ostean, eta astebeteko etenaldia tarteko, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak liga txapelketari berrekitekoak ziren.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak etxean jokatu beharra zeukan asteburu honetan, Txingudiren kontra.  Arrasatearrekin batera taldea partekatzen duten Ordiziako zenbait jokalarien artean izandako Covid kasuek, baina, norgehiagoka atzeratzea behartu dute.  Honenbestez, Kanpanzar Arrasate/Ordizia eta Txingudiren artekoak itxaron beharko du.

Zazpi jardunaldi igarota, horien baitan Kanpanzar Arrasate/Ordiziak bost partidu jokatu ditu, Barrutiaren mutilak une honetan zortzigarren sailkatuak dira sei punturekin.  Sarrailagile eta goierritarrek garaipen bakarra eskuratu dute orain arte, Atletiko San Sebastian/Hernaniren kontra Altamiran jokatutako lehian, hain justu ere.  Gainontzeko partiduetan, horietako askotan itxura ona eskaini badute ere, amore eman behar izan dute.

Zuri-moreek asteburu honetan aurrean eduki behar zuten aurkariak lau puntu gehiago ditu, eta bosgarrena da sailkapenean.  Kanpanzar Arrasate/Ordiziak bezala, irundarrek ere bost partidu jokatu dituzte orain arte, horietatik bi irabaziz.  Saraiko Izarraren zelaian amore eman behar izan zuen (25-5) estreinaldiko jardunaldian Txingudik, baina handik astebetera Atletiko San Sebastian/Hernani 31-12 mendean hartu zuen etxean.  Gernikatik ere esku hutsik irten ziren Irunekoak (46-12), eta Bera Bera B euren gotorlekuan 32-28 irabazteko gai izan ziren laugarren jardunaldian.  Azkenik, orain direla 15 egun Durangori egin zioten bisita, eta bertan bizkaitarrak jaun eta jabe izan ziren 44-7ko emaitzarekin.  


Infantilak Durangora


Harrobiari begira, Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoek kanpoan jokatuko dute asteburu honetan, Durangon, hain justu ere.  Bizkaitarren kontrako lehia zapatu goizean jokatuko da Arripausuetan, 10:30ean hasita, eta bertan Unai Suinaga eta Ihabar Arriaranen mutilak aurreko jardunaldian eskainitako irudia hobetzen ahaleginduko dira.


Infantilek Mutrikuren kontra Mojategin jokatutako partidua.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak