Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Albisteak

Bera Berak bisitatuko du Altamira zapatuan

Seniorrak (2021/04/08).

Txingudiren kontra Mojategin jokatu beharreko partidua atzeratuta geratu eta gero, asteburu honetan liga txapelketari berrekingo diote Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek eta, 9. jardunaldiaren baitan, Bera Bera B-ren bisita izango dute.  Donostiarren kontrako norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Altamiran, 16:00etan hasita, eta bertan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak garaipenaren bidera itzultzea bilatuko du.

Azpimarratu beharra dago Donostian jokatzeko partidua zela honakoa hau, baina Bera Berak izandako azken orduko arazoak tarteko, bi taldeek Altamiran jokatzea adostu dute.  Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasate/Ordiziak aurtengo ikasturtean etxean jokatuko duen bosgarren partidua izango da honako hau, orain dela ia hilabete Urbietan Gernika B-ren kontra jokatutakoaren ostean.

Ez dute ibilbide samurra izan orain arte Julen Barrutiaren mutilek, jokatutako sei partiduetatik bakarra irabazi baitute, Atletiko San Sebastian/Hernaniren kontra etxean jokatutakoa, hain justu ere.  Gainontzeko partiduetan, itxura ona eskaini badute ere, emaitzak ez dituzte aldekoak izan.  Orotara sei puntu lortu ditu orain arte Kanpanzar Arrasate/Ordiziak, eta egungo azkenaurreko sailkatua da Errioxaren aurretik, zalantza izpirik gabe, kategoria honen gogortasunaren adierazgarri.


2018-2019 denboraldian Bera Bera B-ren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Barrutiaren mutilek asteburu honetan aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, 12 punturekin laugarrena baita Bera Bera B.  Jokatutako partiduen erdia irabazi dute donostiarrek, hiru orotara:  Uni Bilbo eta Atletiko San Sebastian/Hernaniren zelaietan, eta egungo lider Durangoren kontra etxean jokatutakoa.  Sarako Izarra, Gernika eta Txingudiren aurka, aldiz, amore eman behar izan du Bera Bera B-k.

Honenbestez, hitzordu gogorra eta zaila ligari berrekiteko Kanpanzar Arrasate/Ordiziak asteburu honetan izango duena.  Aipatu bezala, emaitzak aldekoak izan ez badira ere, norgehiagoka gehienetan itxura txukuna eskaini dute Barrutiaren mutilek, hortaz, ez da ezinezkoa izango Bera Bera B-ren kontra zerbait positibo urratzea.


Infantilak Bilbora


Bestetik, Arrasate Errugbi Taldeko 16 urtez azpikoek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Bizkaia aldean, hain justu ere.  Suinaga eta Delgadoren neska-mutikoek Uni Bilbori egingo diote bisita zapatuan, 13:00etatik aurrera.

ISEI BARBERO - Argazkiak: artxiboa

Babesleak